Berriak

Atzealdea Elorri Aldapak 54 eta 48 irabazi zuen Donosti Dolphinsen aurka

Seigarren postuan daude eta asteburuan atsedena izango dute

2025·10·27


Elorri Aldapak denboraldiko bigarren garaipena lortu zuen larunbatean. Donosti Dolphinsen aurkako neurketa jokatu zuten etxean eta 54 eta 48 irabazi zuten. Lehen laurdena 4-19 amaitu zela ikusita, edonork pentsa dezake alegiarrek partida hasiera negargarria egin zutela. Bada, ez zen horrela izan. Agian, behar baino intentsitate gutxiagorekin kantxaratu ziren Elorri Aldapakoak baina aurkariak egindako jaurtiketa ia guztiak saskiratu egin zituen eta horrek eman zien markagailuan horrelako tartea zabaltzeko abagunea.

Donosti Dolphinsek esperientzia handiko jokalari beteranoak ditu baina talde laburra izatea eta partidak aurrera egin ahala fisikoki behera egitea ere badira taldearen ezaugarrietako batzuk. Elorri Aldapak bazekien hori eta partida aldapa gora jarri arren, alegiarrek bazekiten partidatik atera gabe jarraitu behar zutela, partida luzatu ahala beraien unea iritsiko zelako.

Eta horrela izan zen. Hirugarren laurdena 36 eta 40 amaitu zen eta partida bukatzeko lau minuturen faltan lortu zuten aurretik jartzea. Alegiarren erritmoaren aurrean ezin izan zuten donostiarrek eta arlo fisikoan izandako beherakadak, jaurtiketak asmatzerako orduan lehen minutuetan izandako zehaztasuna desagertarazi zuen. Azkenerako, 54 eta 48 Elorri Aldapa irabazle eta sailkapenean seigarren jarri dira zortzi punturekin.

Asteburuan atsedena izango dute eta hurrengo neurketa azaroaren 8an jokatuko dute 16:00etan Oñatin Biotz Aloña Mendiren aurka.