Berriak

Atzealdea Elorri Aldapak 54 eta 80 galdu zuen Loyola 21 Hoops taldearen aurka

Larunbatean 18:00etan Atletico San Sebastianen aurka jokatuko dute berriz ere etxean

2025·02·26


Elorri Aldapak igoera faseko bigarren partida jokatu zuen larunbatean Loyola 21 Hoopsen aurka eta 54 eta 80 galdu zuten. Iragan astean bezala, alegiarrak baja garrantzitsu askorekin iritsi ziren lehiara eta hori ikusita, aurkariak hasieratik erritmo altua jarri zuen, alegiarrak jokalari gutxirekin zeudenez alor fisikoan ahalik eta gehien erasateko.

Lehen bi laurdenetan atzetik joan arren, Elorri Aldapak lortu zuen aurkariarengandik gertu mantentzea. Lehen hamar minutuak 13 eta 16 amaitu ziren eta atsedenaldi luzera 30 eta 39 iritsi ziren. Donostiarrek kanpoko jaurtiketetan asko asmatu zuten eta horri hirugarren laurdenetik aurrera alegiarrek alor fisikoan jasan zuten beherakada erantsita, azken minutuetan aldeak nabarmen egin zuen gora, azken 54 eta 80ko horretara iritsi arte.

Taldeko arduradunek aipatu duten moduan, jokalariak errekuperatzen joan arte aste gogorrak izango dituzte baina aldi berean, daudenek erakusten duten jarrera eta konpromisoa goraipatu nahi izan dituzte, partidak ikustera joaten diren zaleei eta babesleei ere eskerrak eman dizkieten aldi berean. Larunbatean izango dute hurrengo hitzordua. 18:00etatik aurrera Atletico San Sebastianen aurka jokatuko dute Elorrin.