Berriak

Atzealdea Elorri Aldapak 56 eta 40 galdu zuen Easoren aurka

Larunbatean 17:00etan Elorrin jokatuko dute Hernaniren aurka

2022·11·28


Elorri Aldapak ezin izan zuen denboraldiko laugarren garaipena lortu larunbatean Easoren aurka. Alegiarrek 56 eta 40 galdu zuten batez ere, bigarren eta laugarren laurdenetan erabaki zen neurketa batean. Lehen hamar minutuetan ondo aritu ziren Elorri Aldapakoak eta 17 eta 20 amaitu zen lehen laurden hori. Bigarrenean 13 eta 6ko partziala egin zuten aurkariek eta atsedenaldi luzera 30 eta 26 iritsi ziren. Hirugarren laurdenean puntu gutxi saskiratu zituzten bi taldeek, 39 eta 32 amaituz. Azken laurdenean, berriz ere, aurkaria gehiago izan zen eta 17 eta 8ko partzial batekin partida erabaki zuen, 56 eta 40 amaituz.

Porrot horrekin Elorri Aldapa sailkapeneko seigarren postuan dago hamaika punturekin. Larunbatean 17:00etan Hernaniren aurkako partida izango dute Elorrin. Hernaniarrak puntu kopuru berarekin daude eta garrantzitsua izango da garaipena lortzea, aurkaria atzean uzteko. Lehen itzulian Elorri Aldapak 34 eta 51 irabazi zuen Hernanin. Zaleen babesa garrantzitsua izango da larunbatean ere, denboraldiko laugarren garaipena lortu ahal izateko.

Hiruko Jokoa

Gogoan izan, aurten ere Elorri Aldapak etxean jokatzen dituen partidetan Hiruko Jokoa egiten dela atsedenaldian. Partida ikustera joaten diren zaleek euro baten truke izena eman dezakete eta ondoren, zozketa bidez, atsedenaldian hiruko bat jaurtitzeko aukera izango duen pertsonaren izena ateratzen da. Hirukoa sartzen bada zakuan dagoen dirua eta Isastegi sagardo sorta bat irabazten da eta sartzen ez bada, sagardo sorta.

Horrekin batera, etxeko partidetan Elorri Aldapako bazkide egiteko aukera ere badela gogorarazi du taldeak.