Berriak

Atzealdea Elorri Aldapak 59 eta 37 irabazi zion Easori denboraldi berriko lehen partidan

Bigarren mailako bideari hasiera ona eman dio taldeak eta larunbatean 16:00etan Hernanin jokatuko dute

2022·09·19


Elorri Aldapa saskibaloi taldeak modu paregabean hasi du denboraldi berria. Alegiarrak aurten bigarren mailan ariko dira lehen aldiz eta larunbatean 59 eta 37 irabazi zioten Easori, denboraldiko lehen garaipena lortuz. Partida serioa egin zuten Elorri Aldapakoek. Lehen laurdenean kanpoko jaurtiketetan asmatu egin zuten eta defentsan txukun aritu ziren. Bigarrenean erasoko eraginkortasunari jarraipena eman zion taldeak eta horri zaintza lana estutzea gehituta, 23 eta 8ko partzial bat lortu zuten, atsedenaldira 39 eta 21 aurretik iritsiz.

Azken bi laurdenetan markagailuko tartea kudeatuz jokatu zuten alegiarrek eta gauza berriak probatzeko baliatu zuten. Azkenerako, 59 eta 37 nagusitu ziren eta maila berrian lur hartze erosoa izan dutela esan daiteke. Bigarren jardunaldiko partida larunbatean jokatuko dute 16:00etan Hernanin. Hauek lehen partida 70 eta 62 galdu zuten Zumarragan.

Txikitasunean handi

Gogoan izan, Elorri Aldapak martxan duela bazkidetza kanpaina. Urtean 10 euroren truke, sari ezberdinen zozketan parte hartzeko aukera izango da. Bazkide egin nahi dutenek, taldeko kideren batekin harremanetan jarrita edo etxeko partidetan izango dute horretarako aukera.