Berriak

Atzealdea Elorri Aldapak 60 eta 49 galdu zuen Take Orbelaren aurka

Ostegunean Astigarragako Mundarroren aurka jokatuko dute 19:30ean Elorrin

2025·10·06


Elorri Aldapak lehen garaipena pilatu ezinda jarraitzen du. Larunbatean Tolosan jokatu zuten Take Orbelaren aurka eta 60 eta 49 galdu zuten. Aurreko neurketen antzera, alegiarrek ondo ekin zioten partidari. Lehen laurdena 7 eta 10 amaitu zen eta atsedenaldi luzera 22 eta 30 aurretik iritsi ziren.

Dena den, partidaren dinamika aldatzen joan hala eta jokoa trabatzen joan zen neurrian, alegiarrak partidak atera egin ziren. Egiari zor, aurkariak oso defentsa gogorra egin zuen, muga-mugakoa eta horrek berak Elorri Aldapako jokalarien kontzentrazioan eragina izan zuen. Lehen laurdenetan erasoan izandako argitasuna ere apur bat lausotu egin zen eta azkenerako, ezin partida irabazi.

Aurreko partidetan antzeko sentsazioak izan dituzte taldean. Ondo hasi, baina partidaren dinamika apur bat nahasten denean, jokalariei eragin egiten die horrek. Hori izango dute datozen neurketei begira hobetu beharreko alorretako bat.

Hurrengo neurketa ezohiko ordutegian jokatuko dute. Asteburura itxaron gabe, ostegunean bertan 19:30ean Astigarragako Mundarroren aurka jokatuko dute Elorrin eta zaleen babesa garrantzitsua izango da denboraldiko lehen garaipena lortzeko bidean.