Berriak

Atzealdea Elorri Aldapak 61 eta 56 irabazi zion Ordiziari

Larunbatean 18:00etan Loyola 21 Hoopsen aurka jokatuko dute Altzan

2025·03·24


Elorri Aldapak igoera faseko lehen garaipena lortu zuen larunbatean. Ordiziaren aurka aritu ziren alegiarrak eta 61 eta 56 irabazi zuten, partida gogor batean. Aste osoan zehar ondo entrenatzeko aukera izan zuten Elorri Aldapakoek eta hori baliatu zuten. Min hartuta egon diren jokalariak ere berreskuratu dituzte eta hasieratik ohikoa duten intentsitatearekin sartu ziren partidan. Bazekiten aurkariak puntu asko sartzeko erraztasuna zuela eta defentsa lan gogor bat eginez, hori ekiditea lortu zuten.
Lehen bi laurdenetan erasoan ere ondo aritu ziren alegiarrak eta atsedenaldi luzera 36 eta 23 aurretik iristea lortu zuten. Hirugarren laurdenean partida trabatu egin zen eta bai batzuk eta baita besteak ere, baloiak saskiratu ezinda ibili ziren. Azken laurdenera 49 eta 37ko markagailuarekin iritsi ziren eta ordiziarrak hiruko jaurtiketetan asmatzen hasi ziren. Modu horretan, markagailuan aurretik jartzea ere lortu zuten uneren batean baina Elorri Aldapako jokalariak ez ziren partidatik atera eta kontzentratuta jarraitu zuten. Azken minutuak ondo jokatzen jakin zuten eta azkenean garaipena etxean geratu zen 61 eta 56, partida gogor bat eta gero.
Larunbatean izango dute hurrengo neurketa. 18:00etatik aurrera Altzan jokatuko dute Loyola 21 Hoops taldearen aurka.