Berriak

Atzealdea Elorri Aldapak 63 eta 53 irabazi zion Biotz Aloña Mendiri

Larunbatean Bosteko Irauliren aurkako partida garrantzitsua izango dute larunbatean 16:15ean Elorrin

2025·01·21


Elorri Aldapak garaipen handia lortu zuen iragan larunbatean sailkapeneko bigarrenaren aurka. Biotz Aloña Mendi talde oñatiarra izan zen bisitari Alegian eta etxekoek 63 eta 53 irabazi zuten. Elkarren antza handia duten bi talderen arteko lehia izan zen larunbatekoa. Estiloz oso parekoak dira eta zaintza lanean Elorri Aldapak aurten izan duen garapenak, maila horretan egotea ahalbidetu dio.

Partida hasiera orekatua izan zen eta lehen bi laurdenetan bi taldetako batek ere ez zuen zulorik zabaldu markagailuan. Atsedenaldi luzetik bueltan, Elorri Aldapak tartetxo bat zabaltzea lortu zuen baina aurkariak ez zuen etsi eta berriz ere gerturatzea lortu zuen erasoko hainbat jokalditan zein kanpoko jaurtiketetan asmatuta.

Gauzak horrela, lehen fasea amaitzeko bi partidaren faltan, Elorri Aldapa sailkapeneko bosgarren postuan dago 18 punturekin. Larunbatean hirugarren postuan dagoen Bosteko Irauliren aurkako partida garrantzitsua izango dute 16:15ean Elorrin. Garaipena lortzen badute eta beste emaitza batzuk aldekoak badira, bigarren fasea A1 multzoan jokatuko lukete alegiarrek eta horrek esan nahi du mailari eusteko helburua lortuta izango luketela. Zentzu horretan, bigarren fasean etorkizunerako baliagarri izan daitezkeen gauzak ikasteko aukera izango lukete.

Garaipena lortzeko helburu horretan, oso garrantzitsua izango da larunbatean zaleen babesa. Elorri pilotalekuko harmailak bete eta giro beroa sortzea eskatu du taldeak, partida handi batean garaipena lortu ahal izateko.