Berriak

Atzealdea Elorri Aldapak 66 eta 59 galdu zuen Biotz Aloña Mendiren aurka

Lehen minutuetan partidan sartzea kosta egin zitzaien alegiarrei eta azkenerako garesti ordaindu zuten

2024·10·28


Elorri Aldapak ligako partida izan zuen larunbatean Oñatin. Biotz Aloña Mendi taldearen aurka aritu ziren eta 66 eta 59 galdu zuten, neurri handi batean partidan sartzea kosta egin zitzaielako. Lehen saskiratzea alegiarrek lortu arren, lehen minutuetan hotz aritu zen taldea eta aurkariak une hori baliatu zuen markagailuan tartea zabaltzeko. Elorri Aldapako jokalariak ohartzerako hamar puntutik gorako aldea zuen aurkariak eta partida maldan gora zuten. Lehen laurdena 23 eta 13 amaitu zen. Behin partidan sartuta, Elorri Aldapa gauzak ondo egiten hasi zen. Partida gogortu egin zen eta egoera horretan ondo jokatzen asmatu zuten.

Azken bi laurdenetan markagailuan 2-3 puntura hurbiltzea ere lortu zuten baina une erabakiorretan partidaren bilakaera neurri batean baldintzatu zuten erabaki batzuk ere oztopatu zuten alegiarrek markagailuan aurkaria harrapatu ahal izatea. Azkenerako, gogotik saiatu arren, 66 eta 59 amaitu zen partida eta Elorri Aldapak garaipenen zakuan lehena sartu ezinik jarraitzen du.

Asteburuan atsedena izango dute eta hurrengo neurketa azaroaren 9an jokatuko dute Donostian Bosteko Irauliren aurka. Taldetik adierazi duten moduan, badute etxean jokatzeko gogoa. Elorri kiroldegiko lanak direla eta, entrenatzen eta jokatzen kanpoan ari dira eta taldeak badu etxean zaleekin jokatzeko gogoa. Azaroan zehar hori gauzatu ahal izatea espero dute.