Berriak

Atzealdea Elorri Aldapak 68 eta 67 galdu zuen Astigarragan azken uneko hiruko jaurtiketa batekin

Alegiarrek maila ona eman zuten lehen mailako estreinaldian eta larunbatean 18:00etan Donostian jokatuko dute

2024·09·23


Porrotak uzten duen aho zapore txarrarekin baina egindako ahaleginagatik hustuta amaitzeak ematen duen lasaitasunarekin. Horrela amaitu zuten larunbatean Elorri Aldapakoek Astigarragan jokatu zuten partida. Lehen mailako estreinaldia zuten eta itxura ona eman zuten. Aurtengo denboraldian askotan gertatuko den moduan, altueraz, pisuz eta kalitatez gehiago den talde baten aurka aritu ziren baina aurpegia eman zuten. Partidari bikain ekin zion Elorri Aldapak eta lehen laurdena 16 eta 32 amaitu zen. Joko azkarra egin zuten eta defentsan gogor arituz, aurkaria ezustean harrapatu zuten.

Jakitun ziren ordea, aurkariaren maila kontuan izanda, markagailuko diferentzia hori murriztuz joango zela. Eta horrela izan zen. Dena den, markagailua orekatu arren, Elorri Aldapako jokalariek partidan sartuta jarraitu zuten eta horrek ahalbidetu zien amaierara bitartean garaipena lortzeko aukerak izatea. Dena den, azken segundoan Astigarragako jokalari batek sartutako hiruko jaurtiketa batekin 68 eta 67 amaitu zen partida.

Aipatu bezala, Elorri Aldapa lehen mailan ariko da aurten. Lortu dezaketen helbururik handiena lortu dute eta hori hain urte gutxitan erdiesteari garrantzia berezia eman nahi dio taldeak. Esperientzia eta maila handiko taldeen aurka aritu beharko dute denboraldian zehar. Talde gaztea da alegiarrena eta ikasketa prozesu ederra izango da aurtengoa. Dena den, lehiakorrak izatea ezinbesteko baldintza da Elorri Aldaparentzat eta mailari eustea helburu bezala jarrita, lehen mailara kasualitatez ez direla iritsi erakutsi nahiko diete aurkariei. Hasi behintzat, porrotarekin izan arren, maila onean hasi dira.

Larunbatean 18:00etan Donostiako Benta Berri kiroldegian jokatuko dute Donosti Dolphins taldearen aurka.