Berriak

Atzealdea Elorri Aldapak 70 eta 65 galdu zuen Ordizian

Larunbatean 16:00etan Take Orbela Tabernaren aurka jokatuko dute Tolosan

2025·09·29


Elorri Aldapak ostiralean Ordizian jokatu zuen denboraldiko bigarren partida eta 70 eta 65 galdu zuen. Multzoko talderik indartsuenetako baten aurka aritu ziren alegiarrak eta azkenerako galdu arren, maila onean aritu ziren. Hasieratik partidan sartuta egon ziren eta markagailuan ere aurretik izan ziren minutu askoan. Errebotea mantentzea lortu zuten Elorri Aldapakoek eta horrek ordiziarrei bigarren aukerak kentzea eragin zuenez, atsedenaldi luzera 32 eta 34 aurretik iritsi ziren.

Hirugarren laurdena ere puntu bat aurretik amaitu zuten baina azken laurdenean Ordiziako jokalarien kalitateak desorekatu zuen partida. 11 hiruko sartzeko gauza izan ziren eta azken minutuetan sartutako hiruk erabaki zuten partida, neurri batean. 

Elorri Aldapak taktikoki partida ona jokatu zuen baina egiari zor, oraindik zerbait falta zaie puntu-puntuan egoteko. Jokalari berriak taldera eta taldearen jokamoldeetara egokitzen ari dira eta astean zehar egiten den lanak ekarriko die epe laburrean errendimendurik onena.

Zentzu horretan, hirugarren jardunaldiko partida larunbatean 16:00etan jokatuko dute Tolosan Take Orbela Taberna taldearen aurka. Derbi kutsua duen partida izango da eta astean zehar landutakoari motibazioa eransten bazaio, bete-beteko partida jokatzetik gertu izango dira alegiarrak.