Berriak

Atzealdea Elorri Aldapak 71 eta 44 galdu zuen Electricidad Perosanz Debasket taldearen aurka

Aurkariaren intentsitate maila ezin izan zuen berdindu taldeak eta deseroso aritu ziren partida osoan zehar

2022·10·18


Elorri Aldapak denboraldiko laugarren partida jokatu zuen iragan larunbatean Deban. Electricidad Perosanz Debasket taldea izan zuten aurkari alegiarrek eta 71 eta 44 galdu zuten ohikoa duten mailarik eman ez zuten partida batean. Aurkariak intentsitate handiarekin jokatu zuen lehen unetik eta Elorri Aldapakoek ez zuten asmatu intentsitate maila hori berdintzen. Gauzak horrela, deseroso aritu ziren partidako unerik gehienetan eta Debako taldeak hori baliatu zuen markagailuan tartea zabaltzen joateko.

Une batean erreakzionatu zuen Elorri Aldapak. Markagailuan hogeita bi puntuko aldeaz galtzen ari zirenean, jokaldi on batzuk kateatu zituzten eta diferentzia hamalau puntura murriztu zuten. Dena den, bolada horri jarraikortasunik ematen ez zuten asmatu eta azkenerako, galtzaile atera ziren Debatik.

Larunbatean etxean

Larunbatean bosgarren jardunaldiari dagokion partida jokatuko dute etxean Mondragon Unibertsitatearen aurka 17:00etatik aurrera. Iazko denboraldiaren azken partidetan, igoera erabakitzeko lehian, elkarren aurka aritu ziren bi taldeak eta maila handiko saskibaloia erakutsi zuten. Une honetan alegiarrak bosgarrenak dira sailkapenean eta Arrasatekoak bigarrenak. Beraz, zaleen babesa oso garrantzitsua izango da eta Elorri Aldapak dei egiten die zaleei partidara hurbildu daitezen.

Bide batez, ‘Txikitasunean Handi’ kanpainak martxan jarraitzen duela gogorarazi nahi da eta hala nahi duen orok, larunbateko partida horretan Elorri Aldapako bazkide egiteko aukera izango du.