Berriak
Atzealdea Elorri Aldapak 71 eta 50 galdu zuen Donosti Dolphinsen aurka
2024·12·02
Elorri Aldapak Donosti Dolphinsen aurkako liga partida jokatu zuen larunbatean Elorri pilotalekuan. Alegiarrek 71 eta 50 galdu zuten eta donostiarrek argi erakutsi zuten zergatik dauden sailkapeneko lehen postuan. Taldeko arduradunek aitortu duten moduan, Elorri pilotalekutik pasa den talderik onena ikusteko aukera izan zuten larunbatean harmailetan bildu zirenek. Maila eta esperientzia handiko jokalariz osaturiko eta talde luzea dute eta lehen minututik erakutsi zuten. Ia jaurtiketa guztiak asmatuz ekin zioten lehiari eta lehen laurdena 21 eta 7 amaitu zen.
Elorri Aldapak ez zuen gaizki jokatu. Beraiek nahi zuten jokoan eginez hasi ziren baina aurrean zuten taldearen maila kontuan izanda, aurka egiteko aukera gutxi izan zuten. Atsedenaldi luzearen ostean, defentsa gogortu eta 12 puntura hurbildu ziren alegiarrak baina donostiarrek egoera ondo kudeatu zuten eta berriz ere tartea zabaltzea lortu zuten.
Gauzak horrela, Elorri Aldapa seigarren dago 11 punturekin. Asteburu honetan atsedena izango dute eta urtea amaitu aurretik bi partida jokatuko dituzte etxean. Abenduaren 14an STL Azkuneren aurka ariko dira eta 28an Erroibide Irunen kontra. Bi partida horiek irabaztea dute helburu. Hori lortuta, urtea oso pozik amaituko luketela adierazi dute taldeko arduradunek.