Berriak

Atzealdea Elorri Aldapak 72 eta 70 galdu zuen Erroibide Irunen aurka

Alegiarrei bigarren luzapenean egin zien ihes garaipenak eta larunbatean Biotz Aloña Mendiren aurka ariko dira 16:15ean etxean

2025·01·13


Elorri Aldapak porrotarekin hasi du 2025 urtea. Alegiarren Erroibide Irunen kantxan jokatu zuten larunbatean eta 72 eta 70 galdu zuten. Bi luzapenen ostean erabaki zen neurketa. Partidan ondo sartu zen Elorri Aldapa eta lehen laurdena 9 eta 16 amaitu zen. Bigarrenean etxekoen erreakzioa etorri zen eta atsedenaldi luzera 34 eta 28 iritsi ziren. Hurrengo bi laurdenetan oreka izan zen nagusi eta Elorri Aldapak laugarren laurdeneko azken segundoan lortu zuen markagailua 56na berdintzea eta luzapena behartzea.

Ez zen partida ona izan. Irungo taldeak zonakako defentsa egin zuen neurketa osoan zehar eta kantxa ohikoa baino estuagoa izaki, alegiarrei kosta egin zitzaien aurkariaren zaintza deseroso hori gainditu eta min egitea. Epailearen hainbat erabakik ere baldintzatu zuten neurketa eta luzapenetako une erabakiorretan hori guztiari, erabaki oker batzuk erantsita, ezinezkoa izan zen garaipena lortzea.

Gauzak horrela, Elorri Aldapa bosgarren dago eta larunbatean bigarren dagoen Biotz Aloña Mendiren aurkako partida izango dute 16:15ean etxean. Ohi bezala, zaleen babesa ezinbestekoa izango da garaipena lortu eta sailkapeneko goiko postuetan egonkortzeko.