Berriak
Atzealdea Elorri Aldapak 82 eta 71 galdu zuen STL Azkuneren aurka
2024·10·07
Elorri Aldapak Gipuzkoako lehen mailako hirugarren jardunaldiari zegokion partida jokatu zuen ostiralean Donostian STL Azkuneren aurka. Alegiarrek 82 eta 71 galdu zuten eta lehen garaipen hori lortzeko borrokan jarraitu beharko dute. Hasieran aurkariak tartetxo bat zabaldu zuen arren, Elorri Aldapako jokalariak ez ziren partidatik atera eta bigarren laurdenean aldea murriztuz, atsedenaldi luzera 36 eta 34 iritsi ziren. Maila berrirako egokitzapen prozesuan, alegiarrak jabetu dira lehen mailan inork ez duela oparirik egiten eta are gehiago, hainbat jokalarik duten kalitatearekin eta talde batzuen maila fisikoarekin, edozein unetan partidak apurtu daitezkeela ohartu dira. Hirugarren laurdenean donostiarrek abantaila apur bat hartu zuten markagailuan eta azken hamar minutuetan bide beretik jarraitu zuen neurketak, 82 eta 71 amaituz.
Elorri Aldapako kideek haserre amaitu zuten partida, baina beraiek adierazi duten moduan, haserre hori ez da mailarik ematen ez dutelako; ondo lehiatu arren garaipenak ihes egiten dielako baizik. Zentzu horretan, lehiakorrak izaten ari dira baina maila berrirako egokitzapenak bere denbora behar du. Horrez gain, kiroldegiko lanak direla eta, lehen partidak etxetik kanpo jokatzen ari dira eta horrek ere ez du mesederik egiten.
Bada, ondo bidean urriaren 19an jokatuko den hurrengo jardunaldian etxean jokatuko du Elorri Aldapak. Erroibide Irunen aurkako lehia izango dute Elorri pilotalekuan 16:15ean, lanen bilakaera egokia bada. Aurreko denboraldietan bezala, zaleen babesa eskatu du taldeak etxeko partida horietarako. Etxean sendo aritzea ezinbestekoa izango da mailari eusteko helburua lortzeko bide horretan eta horretarako, zaleen hauspoa ondo baino hobeto etorriko zaio taldeari.