Berriak

Atzealdea Elorri Aldapak 84 eta 50 galdu zuen Goierri Modelos Ezguba liderraren kantxan

Alegiarrak laugarrenak dira eta Easoren kantxan jokatuko dute larunbatean 20:00etan

2022·11·22


Elorri Aldapa saskibaloi taldeak Goierri Modelos Ezguba liderraren kantxan jokatu zuen igandean ligako zazpigarren jardunaldiari zegokion partida. Alegiarrek bazekiten partida oso zaila izango zutela eta partidaren amaierako 84 eta 50eko emaitzak argi erakusten du talde goierritarra helburu handiak lortzeko egindako taldea dela.

Dena den, lehen bi laurdenetan aurpegia eman zuen Elorri Aldapak. Lehen hamar minutuen ostean 19 eta 13 ziren atzetik eta atsedenaldi luzera zortzi puntuko aldea kontran zutela iritsi ziren, 33 eta 25. Hirugarren laurdeneko 34 eta 12ko partziala izan zen erabakiorra. Hortxe hautsi zen partida eta hortik aurrera eroso aritu ziren etxekoak.

Gauzak horrela, Elorri Aldapa laugarren postuan dago sailkapenean hamar punturekin. Larunbatean 20:00etan sailkapeneko azkena den Easoren kantxan izango dute hurrengo partida. Bigarren itzuliko lehen partida izango da eta lehen itzulian 59 eta 37 irabazi zuten alegiarrek. Beraz, denboraldiko laugarren partida irabazteko aukera polita izan dezake Elorri Aldapak.