Berriak

Atzealdea Elorri Aldapak Bosteko Irauliren kantxan jokatuz ekingo dio bigarren faseari larunbatean

Lehen fasean multzo bakoitzeko onenak izan direnen arteko neurketa 16:15ean hasiko da Donostian

2024·02·20


Elorri Aldapak larunbatean ekingo dio denboraldiko bigarren zatiari. Lehen fasean jaun eta jabe izan dira alegiarrak beraien multzoan. Lidertzan amaitu dute, jokaturiko 14 partidetatik 13 irabazita. Bigarren fasean, multzoko bakoitzeko lau talde onenak elkarrekin izango dira eta zortzi jardunaldiko ligaxka izango da. Elorri Aldapak ez du orain arte bere multzoan izan dituen aurkarien aurka jokatuko. Bigarren fase honi begira, multzo bereko taldeen arteko partidetako emaitzak sailkapenean pilatzen dira eta horrenbestean, Elorri Aldapak 11 punturekin ekingo dio bigarren fase honi, bigarren postuan. Beste multzoko lau taldeen aurka ariko dira alegiarrak etxean eta etxetik kanpo.

Hain zuzen ere, beste multzoko indartsuena izan den eta sailkapeneko liderra den Bosteko Irauliren kantxan jokatuko du Elorri Aldapak bigarren faseko lehen partida larunbatean 16:15ean. Donostiako Yoldi kiroldegian izango da neurketa eta Gipuzkoako bigarren mailan orain arte mailarik onena eman duten bi taldeak aurrez aurre izango dira. Donostiarrek 12 puntu dituzte eta ondo bidean, bigarren fasearen amaieran sailkapeneko goiko postuetan ibiliko diren bi talde izango dira lehian. Alegiarrek orain arte emandako mailari eustea eta ahal den neurrian hobetzea izango dute helburu eta horretarako, talde lanaz gain, oso garrantzitsua izango da zaleen babesa bai Elorriko partidetan baina baita etxetik kanpokoetan ere.