Berriak

Atzealdea Elorri Aldapak denboraldiko hamaikagarren garaipena lortu zuen Zarautzen 59 eta 84 irabazita

Lehen fasean etxean jokatuko duten azken partida izango dute larunbatean 16:15ean Elorrin Modelos Modelberriren aurka

2024·01·30


Elorri Aldapak lehen faseko hamaikagarren garaipena lortu zuen larunbatean. ZAST Zarautzen kantxan aritu ziren alegiarrak eta 59 eta 84 irabazi zuten. Elorri Aldapak baja garrantzitsuak zituen barruko jokorako eta jakitun ziren aurkariak joko horretan min egin zezakeela. Partida espero bezala hasi zen. Zarauztarrak barrutik min egiten saiatu ziren eta aldiz, alegiarrek azkar jokatzeko saiakera egin zuten. Lehia horretan alegiarrak atera ziren garaile, izan ere, lehen laurdena 16 eta 22 amaitu zen eta atsedenaldi luzera 30 eta 40 iritsi ziren.

Bigarren zatiari begira, Elorri Aldapako barruko jokalariak falta dezente eginda zeuden eta horrek kezka puntu bat sortu zien. Dena den, aurkarien entrenatzailea egotzi zuten epaileek bi teknika adierazi ostean eta aldeko baloi horiek baliatuz eta jokoan ere nagusi izanez, markagailuko aldea 20 punturaino eraman zuen Elorri Aldapak.

Azken minutuetan jokalari guztien artean minutuak banatu zituzten eta jokalari guztien jarrera goraipatu nahi izan dute arduradunek. Bajak izan arren, kantxara ateratzen diren jokalarien jarrera eta inplikazioa sekulakoak dira. Inplikatuta egoteak minutuak aprobetxatzea dakar eta horrekin emaitza onak iristen dira. Ez dago beste sekreturik.

Larunbatean lehen fasean etxean jokatuko duten azken partida izango dute 16:15ean Modelos Modelberriren aurka. Taldetik dei egiten zaie zaleei, hain ederra izan den lehen fase hau ixteko partidara hurbildu daitezen.

Joxe Carreraren heriotza

Iragan larunbatean, Elorri Aldapako entrenatzaileetako bat den Joseba Carreraren aita, Joxe, hil zen. Elorri Aldapa osatzen duten jokalari, entrenatzaile, arduradun eta kide guztiek besarkada estu bat bidali nahi diote Josebari eta bere familiari une zail hauetan.