Berriak
Atzealdea Elorri Aldapak denboraldiko lehen garaipena lortu zuen Bosteko Irauliri 69 eta 77 irabazita
2024·11·11
Elorri Aldapak denboraldiko lehen garaipena lortu zuen larunbatean. Alegiarrek Bosteko Irauliren kantxan jokatu zuten eta 69 eta 77 irabazi zuten. Intentsitate handian jokaturiko partida izan zen, gogorra eta falta ugarirekin. Elorri Aldapak talde lan sendoa egin zuen, batez ere defentsan, eta neurri handi batean lan horretan oinarritu zen garaipena. Lehen laurdenean 10 eta 22 aurreratu ziren alegiarrak eta atsedenaldi luzera 28 eta 39 iritsi ziren. Bigarren zatian ere aldeari eustea lortu zuten eta azkenerako 69 eta 77 irabazi zuten.
Maila berrirako egokitzapenean, partiden irakurketan urrats bat aurrera eman du Elorri Aldapak. Partidan zehar gerta daitezkeen erlaxatze uneak garesti ordaintzen direla jabetu dira eta zentzu horretan, intentsitateari eustea ezinbestekoa dela ikusi dute. Larunbateko lehiaren inguruan azpimarratu beharreko beste alor bat, erasoan erakutsitako patxada izan zen. Baloia ondo mugitu zuten eta horrek aurkariaren defentsa behartu zuen.
Haizeberritze moduko bat izan da taldearentzat lehen garaipena lortzea. Sailkapenean seigarrenak dira eta larunbatean 16:15ean Arri BKLren aurka jokatuko dute, denboraldian lehen aldiz Elorri pilotalekuan. Lehen garaipena lortuta, bigarrena kateatzen saiatuko dira eta horretarako zaleen babesa eskatu dute, mailari eusteko bidean etxean sendo aritzea ezinbestekoa izango delako.
Zentzu horretan, hala nahi dutenei bazkide egiteko aukera eskura dutela jakinarazi nahi zaie eta horrekin batera, bazkide laguntzaile txartelak ere eskuratu ahal izango dira larunbatean Elorrin. Modu horretan, taldeari urtebetez laguntza emateko modua izango dute zaleek.