Berriak
Atzealdea Elorri Aldapak Easoren aurka jokatuz ekingo dio bigarren mailako ibiliari
2022·09·15

Elorri Aldapa saskibaloi taldeak 2022-2023 denboraldiko lehen partida ofiziala jokatuko du larunbatean 17:00etan Elorri pilotalekuan. Alegiarrek Gipuzkoako nagusien bigarren mailan jokatuko dute aurtengo denboraldian. Iaz hirugarrenean aritu ziren baina federazioak egindako berregituratze baten ostean, mailaz igotzeko aukera izan dute. Bada, aurredenboraldiko lanak amaituta, lehiaketa ofizialari ekiteko garaia iritsi zaie eta iaztik ezagutzen duten Easo taldearen aurka jokatuko dute lehen ligaxkako lehen partida, larunbat arratsaldean Elorrin. Lehen fase honetan zortzi talde izango dira eta urtarrila amaierara bitartean ariko dira lehian. Asteburuan Kalebeherako festak ere ospatuko dira Alegian eta zaleek jai giro hori Elorriko kantxara eramatea gustatuko litzaieke Elorri Aldapakoei.
‘Txikitasunean handi’ kanpaia
Elorri Aldapak zaleen babesa eskatu du aurtengo denboraldirako ere. Horretarako, klubeko bazkide egiteko aukera eskaintzen da. Urtean 10 euroren truke, taldea laguntzeko aukera izango da eta klubak hilero sari ezberdinen zozketak egingo ditu bazkideen artean. Bazkide egin ahal izateko modu ezberdinak daude. Taldeko kideren batekin harremanetan jartzea da horietako bat; etxeko partidetan ere izango da aukera eta beste bide batzuk ere eskainiko ditu taldeak.