Berriak

Atzealdea Elorri Aldapak ez du finalerako txartela lortu baina mailaz igotzeko aukera izango du larunbatean

Mondragon Unibertsitatea B taldearen aurka hirugarren postua izango dute jokoan 18:00etan Arrasaten

2022·05·16


Elorri Aldapak galdu egin zuen larunbatean kopako finalerdia. Mondragon Unibertsitatea talde indartsuaren kantxan jokatu zuten eta maila oso ona eman arren, azkenerako 69 eta 62 amore eman behar izan zuten alegiarrek. Partida ederra jokatu zuten. Lehen bi laurdenetan nagusi izan ziren eta atsedenaldira 29 eta 34 aurretik izan ziren. Uneren batean 12 puntuz aurretik ere izan ziren, baina Arrasatekoek kalitate handiko jokalariak dituzte eta horiek erabakiorrak izan ziren azken minutuetan.

Dena den, mailaz igotzeko aukerekin jarraitzen dute oraindik Elorri Aldapakoek. Larunbatean 18:00etan Arrasaten jokatuko den hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko partida irabazten badute, bigarren mailara igotzeko txartela lortuko dute. Mondragon Unibertsitatea B taldea izango dute aurkari, Easoren aurka beste finalerdia galdu duen taldea.

Zaleei eskerrak

Elorri Aldapak autobuskada zale eraman zuen larunbatean Arrasatera. Etengabe animatzen aritu ziren eta bai larunbatean Arrasatera joan zirenei eta baita urte osoan zehar taldea babestu dutenei ere, eskerrak eman nahi dizkie taldeak. Larunbatean Arrasaten azken urrats hori ematen laguntzeko babesa ere eskertuko dutela adierazi dute.