Berriak
Atzealdea Elorri Aldapak garaipenarekin agurtu du 2022 urtea
2022·12·20
Elorri Aldapak aho zapore onarekin eman dio amaiera 2022 urteari. Alegiarrek ligako partida izan zuten larunbatean Donostian DKSren aurka eta 58 eta 68 irabazi zuten. Garaipen honekin sailkapeneko laugarren postuan kokatu dira 15 punturekin. Hasieratik lan ona egin zuten Elorri Aldapakoek. Lehen laurdenean zazpi puntu aldea lortu zuten eta atsedenaldi luzera 36 eta 39 aurretik iritsi ziren. Hirugarren laurdenean aldetxo hori apur bat zabaldu zuten eta azken hamar minutuetan ere aurkaria baino gehiago izan ziren 58 eta 68ko azken emaitzak erakusten duen moduan.
Larunbateko garaipena, aste osoan zehar entrenamenduetan defentsa lantzeko egindako lanean oinarritu zen nagusiki eta baita partidan zehar egindako talde lan izugarrian ere. Elorri Aldapatik adierazi dutenez, “laudorioak puntuak sartzen dituzten jokalarientzat izaten dira normalean baina ia beti, defentsan sakrifikatzen diren jokalariak izaten dira garrantzitsuenak”. Ezkutuko lan zikin hori egiten duten jokalariei aitortza egin nahi izan diete.
Datozen bi asteetan ez dute partidarik izango eta 2023ko lehena Elorrin jokatuko dute urtarrilaren 7an sailkapeneko hirugarrena den Electricidad Perosanz Debasket taldearen aurka.