Berriak

Atzealdea Elorri Aldapak garaipenarekin agurtu du denboraldia

72 eta 52 irabazi zioten Añorgari eta datorren denboraldian ere lehen mailan ariko dira

2025·05·05


Elorri Aldapak garaipen batekin agurtu du denboraldia. Alegiarrek Añorgaren aurkako neurketa jokatu zuten larunbatean etxean eta 72 eta 52 irabazi zuten. Alegiarrek jokalari asko izan zituzten partida honetan eta hasieratik intentsitate eta erritmo altua ezarri zituzten. Ondo sartu ziren partidan eta errebotearekin izan zituzten aukera batzuk zuzenduta, markagailuan tartea zabaltzea lortu zuten. Atsedenaldi luzera 36 eta 25 iritsi ziren. Bigarren zatian ere dinamika bera mantendu zuen partidak. Azken minutuetan Añorgako jokalari batek min hartu zuen eta partida hainbat minutuz etenda egon zen. Horrek apur bat hoztu egin zuen partidaren amaiera baina alegiarrek garaipenarekin amaitu dute lehen mailan jokatu duten estreinako denboraldia, mailari eusteko helburua lortuta.

Zentzu horretan, taldeko arduradunak oso pozik agertu dira urtearen balorazioa egiterakoan. Talde bezala lehiatzeko gai izan dira eta mailako hiru talderik onenak kenduta, beste guztien aurka gutxienez partida bat irabazteko gai izan dira. Jokalarien jarrerarekin ere oso pozik agertu dira eta baita zaleen erantzunarekin ere. Saskibaloiak herrian bere lekua egin du eta harro daude horretaz. Orain atsedenerako eta datorren denboraldiari begirako taldea antolatzeko garaia izango da.

Larunbatean finalak Elorrin

Elorri Aldapak denboraldia amaitu duen arren, larunbatean saskibaloiaz gozatzeko aukera izango da Elorri pilotalekuan Gipuzkoako Jubenil Partaidetza mailako finalak jokatuko dira Alegian. 16:00etan Easo eta Mondragon Unibertsitatea neurtuko dira eta 18:00etan emakumezkoetan, Azpeitiko Fiskalan ISB taldea Ulia Bera Beraren aurka ariko da. Arratsalde pasa ederra egiteko aukera izango da Elorri pilotalekuan.