Berriak
Atzealdea Elorri Aldapak gertu izan zuen garaipena Easo liderraren kantxan
2022·03·21
Elorri Aldapa saskibaloi taldeak bigarren postuan amaituko du gizonezkoen nagusien hirugarren mailako lehen fasea. Atzo Easo liderraren kantxan jokatu zuten alegiarrek eta garaipena lortuta lidertzan jartzeko aukera zuten, azken jardunaldiaren atarian. Bada, partida lehiatua izan zen multzoko bi talderik onenek elkarren aurka jokatu zutena eta egiari zor, Elorri Aldapak zorte gutxi izan zuen atzoko partidan. Saskira bidean ziren jaurtiketa ugarik kanporako bidea hartu zuten hainbatetan eta horrek zaildu egin zien garaipena lortzeko aukera. Horrez gain, bigarren laurdenean hiru puntu soilik sartzea ere zama handia izan zen.
Kontuak kontu, azken minutura bitartean irabazteko aukerekin izan zen taldea eta jokalariek erakutsitako jarrerarekin pozik agertu dira taldeko ordezkariak. Garaipena gertu ikusi eta lortu ezin izanak aho zapore txarra utzi zien baina azken unerarte lehiatu izanak ere gustura utzi ditu.
Lehen fasea ixteko Contubi Oiarsoren aurka jokatuko dute larunbatean 17:00etan Elorrin. Alegiarrek jada ziurtatuta dute multzoko bigarren postua eta zaleen aurrean amaiera ona eman nahiko diote lehen faseari. Gogoan izan, hirukoaren jokoa ere izango dela eta ikusleren batek, pilatutako zakua eramateko aukera izango duela.