Berriak

Atzealdea Elorri Aldapak hirugarren garaipena kateatu du Astigarragako Mundarrori 77 eta 59 irabazita

Larunbatean Donosti Dolphins liderraren bisita izango dute Elorri pilotalekuan 16:15etik aurrera

2024·11·25


Elorri Aldapak bolada onean jarraitzen du. Larunbatean Astigarragako Mundarroren aurkako neurketa izan zuten eta 77 eta 59 irabazi zuten. Bi jokatzeko modu ezberdinen arteko talka izan zen larunbatekoa eta argi zegoen, bere estiloa ezartzen asmatzen zuenak asko izango zuela irabazita. Bada, lehen minutuetan oreka izan zen nagusi. Elorri Aldapak defentsa gogorra eta eraso azkarrak planteatu zituen bitartean, aurkariak luze jokatzeko hautua egin zuen. Horren erakusle da lehen laurdenaren amaieran markagailuak erakusten zuen 21nako berdinketa.

Elkar neurtze hori bigarren laurdenean hautsi zen. Etxekoek euren jokoa gailentzea lortu zuten eta aurkaria falta asko egitera behartu zuten. Astigarragako taldeko jokalari onenak faltekin kargatu ziren eta atsedenaldi luzera 39 eta 32 iritsi ziren aurretik alegiarrak. Hirugarren laurdenean kanpokoek arriskatu egin zuten jokalari onak kantxaratuz baina Elorri Aldaparen jokoak ez zuen behera egin eta faltekin zigortu zuten aurkaria. Hirugarren laurdena 59 eta 45 amaitu zen eta azken 10 minutuetan diferentziak apur bat gora egin zuen 77 eta 59 bukatzeko.

Elorri Aldapako arduradunak pozik agertu dira taldeak larunbatean egindakoarekin. Jokalari guztien artean minutuak banatu zituzten eta taldearen erantzunarekin gustura daude. Zentzu horretan, denboraldiko une honetan izan nahi zuten joko maila lortu dutelakoan daude. Bazekiten hasiera ez zela erraza izango baina maila berrira egokituta eta taldeak joko ideia barneratuta, edozeinentzat aurkari gogorra izango dira.

Larunbatean izango dute hurrengo neurketa eta Donosti Dolphins liderra izango da bisitari Alegian, 16:15ean Elorri pilotalekuan. Taldearen garapena neurtzeko proba gogorra bezain polita izango da eta laugarren garaipena lortzeko bidean, garrantzitsua izango da zaleen babesa.