Berriak
Atzealdea Elorri Aldapak irailaren 21ean ekingo dio lehen mailako ibiliari Astigarragan
2024·09·11
Elorri Aldapak irailaren 21ean ekingo dio modu ofizialean 2024-2025 denboraldiari. Iaz lorturiko igoeraren ostean, aurten lehen mailan ariko dira alegiarrak eta jada badaramatzate aste batzuk aurredenboraldiko lan saioekin eta partidekin. Iraila hasieran Euskal Ligan ari den Ordiziako taldearen aurkako lagunartekoa izan zuten eta larunbatean beraien maila berean ariko den Loyola Hoops taldearen aurka jokatuko dute 19:00etan Donostiako Bidebieta kiroldegian.
Taldearen osaketaren inguruan, iazko jokalari gehienek jarraitu egingo dute. Bi baja izan ditu taldeak baina bi jokalari berri ere etorri direnez, orekari eustea lortu da lehen mailako estreinako denboraldi horri aurre egiteko.
Alegiako kiroldegiko lanak direla eta ligako lehen hiru partidak etxetik kanpo jokatuko ditu Elorri Aldapak eta horietatik lehena irailaren 21ean, larunbata, izango da Astigarragan. 18:00etatik aurrera Astigarragako Mundarroren aurka ariko dira. Gauzak ondo, urriaren 19an jokatuko du Elorri Aldapak Alegian lehen partida. Zentzu horretan, lanen eraginez, orain arteko prestaketa lan saio guztiak Legorretako Harripila kiroldegian ari dira egiten eta Legorretako herriari esker ona adierazi nahi die Elorri Aldapak, emandako erraztasunengatik.
Taldeak zaleen babesa eskatu du beste urte batez Alegian saskibaloiaz gozatzen jarraitu ahal izateko.