Berriak
Atzealdea Elorri Aldapak larunbatean 16:15ean Astigarragako Mundarroren aurka etxean jokatuz hasiko du denboraldia
2023·09·26
Elorri Aldapa saskibaloi taldeak larunbatean hasiko du ofizialki 2023-2024 denboraldia. Astigarragako Mundarro taldearena aurka ariko dira Elorri pilotalekuan 16:15etik aurrera. 2022-2023 denboraldi amaieran bigarren mailatik hirugarrenera jaitsi arren, Elorri Aldapa saskibaloi taldeak bigarren mailan jokatuko aurten ere. Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak egokitzapen batzuk egin ditu mailen antolaketan eta maila galdu zutenen artean bigarren mailatik gertuen geratu zirenetakoak izan zirenez, alegiarrek iaz bezala bigarren mailan jokatuko dute denboraldi honetan.
Taldea osatzeko jokalari berrien bila ibili da taldea eta deialdiak izan duen arrakastarekin pozik agertu dira ordezkariak. Izan ere, behar adinako jokalari kopurua lortu dute eta horrela partidei behar besteko bermearekin aurre egiteko moduan izango dira.
Lehendabiziko faseari ekingo diote alegiarrek larunbatean. Guztira 14 jardunaldi izango dituzte zortzi taldek osaturiko multzoan eta otsailean amaituko dute fase hori. Orain arte etxeko partidak 17:00etan jokatzen zituzten alegiarrek baina hemendik aurrera 16:15ean hasiko dira Elorri pilotalekuan hasiko diren neurketak.
Zaleen babesa, giltzarri
Aurreko denboraldietan bezala, etxeko partidetan zaleen babesa izatea oso garrantzitsua izango da Elorri Aldaparentzat. Elorri pilotalekuan giro ederra sortu izan da partidetan eta aurten ere horri eustea da taldearen helburua. Zaleak erakartzeko eta esker ona adierazteko, hiruko jokoari eutsiko zaio aurten ere. Etxeko partiden atsedenaldian, ikusle batek hiruko bat jaurtitzeko aukera izango du eta bide batez, sariak irabaztekoa.
Horrekin batera, bazkide egiteko aukera ere eskaintzen du Elorri Aldapak. Urtean 10 euroren truke, taldea babestea eta zozketa ezberdinetan sartzeko aukera izango dute bazkide egitea erabakitzen dutenek.