Berriak
Atzealdea

Elorri Aldapak lehen faseko azken partida jokatuko du larunbatean Eibarren

Modelos Modelberriren aurka 75 eta 41 irabazi zuten alegiarrek eta lehen postuan amaituko

2024·02·05


Elorri Aldapak lehen faseko azken partida jokatuko du larunbatean 16;30ean Eibarren. Sailkapeneko lehenaren eta azkenaren arteko neurketa izango da eta jokoan ezer ez dagoen arren, alegiarrek beste garaipen batekin agurtu nahiko dute ligaxka. Lehen itzulian 80 eta 51 irabazi zuten Elorrin.

Lehen postuan amaitzea ziurtatuta dute Elorri Aldapakoek. Iragan larunbatean 75 eta 41 irabazi zuten Modelos Modelberriren aurka eta azken neurketako emaitzari begira egon gabe, lidertza hori ziurtatuta dute. Larunbateko partidaren hasieran defentsan ez zuten gehiegi estutu nahi izan alegiarrek, faltekin ez kargatzeko. Esperientzia handiko jokalariz osaturiko talde bat zuten aurrean eta eustera mugatu ziren. Hala ere, ondo bideratu zuten neurketa, atsedenaldi luzera 35 eta 24 iritsiz. Hirugarren laurdenean defentsa gogortu eta kontraerasoan jokatzeko aukerak sortuz, 29 eta 8ko partziala egin zuten eta azken hamar minutuetan lasaiago jokatuz, 75 eta 41 amaitu zen partida.

Gauzak horrela, bigarren fasera basket averageak irabazita sailkatuko dira alegiarrak eta oraindik multzokideen berririk izan ez arren, egoera onean ekingo diote fase horri. Azken jardunaldiaren ostean, astebeteko atsedena izango dute eta otsaileko azken asteburuan hasiko da bigarren fasea.