Berriak

Atzealdea Elorri Aldapak lehen itzulia amaitu bezala ekin dio bigarrenari

Astigarragan 50 eta 89 irabazi zuten eta larunbatean Errroibide Irunen aurka jokatuko dute 16:15ean Elorrin

2023·11·30


Lehengo lepotik burua Elorri Aldaparentzat bigarren itzuliaren hasieran. Astigarragako Mundarroren kantxan aritu ziren ostiralean eta 50 eta 89 irabazi zuten, zortzigarren garaipena erreskan lortuz. Lehen itzulian partida guztiak irabazi ostean, datozen partidetan aurkarien intentsitate maila berdintzea da Elorri Aldaparen helburua, garaipenak pilatzen jarraitzeko eta bide batez, taktikoki gauza berriak lantzen eta jokoan txertatzen ere joan nahi dute.

Ondo sartu ziren partidan alegiarrak. Hasieratik intentsitate handiarekin jokatu zuten eta joko azkarra eginez, berehala zabaldu zuten markagailuan tartea. Hori ikusita, aurkariak zonakako defentsaren aldeko hautua egin zuen eta horrek Elorri Aldapari gauzak zaildu arren, tarteari eustea lortu zuten jokalari guztien artean minutuak banatzen jarraitzen zuten bitartean. Atsedenaldi luzearen ostean, Elorri Aldaparen ezaugarri den defentsa gogorrean oinarritzen den jokoa ikusi ahal izan zen eta horrek baloiak lapurtzeko eta saskiratze errazak lortzeko aukera eman zion taldeari. Aipatzekoa da aldi berean, orain arte min hartuta egon den jokalari batek taldearekin debuta egin zuela, denboraldiko lehen minutuak jokatuz.

Bederatzigarren jardunaldiko partida jokatuko dute larunbatean 16:15ean Elorrin Erroibide Irunen aurka. Alegiarrek 16 puntu dituzte sailkapenean eta irundarrek bederatzi. Lehen itzulian Elorri Aldapak 31 eta 60 irabazi zuen eta horrenbestean, etxekoek beste garaipen bat lortzeko aukera polita izan dezakete.

Larunbatekoa 2023an etxean jokatuko duten azken partida izango da eta bide batez, gogorarazi nahi da etxeko partidetara atsedenaldiaren aurretik joaten diren zaleek, sari bat irabazteko aukera izango dutela partidara joate hutsagatik. Balerdipeko Erleakek eskainitako produktu sorta baten zozketa egingo da. Horrez gain, Hiruko Jokoa ere izango da eta beraz, zaleei taldea animatzera joateko deia luzatzen zaie.