Berriak

Elorri Aldapak lehen mailarako igoera lortu du

Hernaniri 77 eta 61 irabazi zioten larunbatean eta denboraldia borobiltzea lortu zuten

2024·05·13


Elorri Aldapa Gipuzkoako lehen mailan ariko da datorren denboraldian. Iragan larunbatean Hernaniren aurkako finalerdia jokatu zuten alegiarrek eta 77 eta 61 irabazita, mailaz igotzea lortu dute. Bete-beteko festa izan zen larunbatekoa. Elorri pilotalekuko harmailak goraino bete ziren eta giro aparta izan zen.

Partida gogorra izan zen batez ere arlo fisikoan. Elorri Aldapak markagailuan agintea hartu zuen lehen unetik baina errebotea kontrolatzea kosta egin zitzaien. Horrek hain gustuko duten joko azkarra egitea eragotzi zien lehen minutuetan baina behin hori kontrolpean izanda eta hernaniarren zonakako defentsari min nola egin ikusita, atsedenaldi luzera 36 eta 25 iritsi ziren. Hernaniarrek erreakzionatu egin zuten eta puntu batera hurbildu ziren. Hor odola hotz mantendu zuten alegiarrek eta azkenerako 77 eta 61 irabaztea lortu zuten igoera lortuz.

Taldetik jokalari guztiak zoriondu nahi dituzte eta eskerrak eman nahi zaizkie. Larunbatean lortutakoa denboraldi osoan egindako lan onaren saria da eta jokalari guztiek izan duten jarrera izan ez balute, ziurrenik ez zuten igoera lortuko.

Aldi berean, Patxi Rojoren lanean ere egin nahi da azpimarra. Alegian saskibaloia sustatzeko egindako lan nekaezina fruituak ematen ari da. Sekula saskibaloia ikustera joan ez den jendea lehen aldiz partida bat ikustera joan eta hurrengo neurketan berriz ere harmailetan ikustea bezalako saririk ez dagoela diote Elorri Aldapakoek eta zentzu horretan ere oso harro daude egindakoaz. Zorionak!!