Berriak
Atzealdea Elorri Aldapak mailari eustea eta igoera fasean sartzea ziurtatu ditzake larunbatean Beasainen
2025·01·27

Elorri Aldapak denboraldi hasierako helburu nagusia bete dezake asteburuan. Lehen mailako aurreneko denboraldian mailari eustea jarri zuten jomuga nagusi modura eta larunbatean bertan erdietsi dezakete. Beasainen Arri BKLren aurkako partida izango dute 18:00etan eta garaipena lortzen badute, mailari eutsiko diote eta igoera fasea jokatzeko sailkapena lortuko dute.
Neurri handi batean, iragan larunbatean Bosteko Irauliren aurka lortutako garaipenak ahalbidetu die aukera horren ataria egotea. 61 eta 49 irabazi zuten alegiarrek eta garaipenaren oinarria partidaren planteamenduan egon zen neurri handi batean. Bi taldeek ondo ezagutzen dute elkar eta Elorri Aldapak bazekien, donostiarren indarguneetako bat barneko jokalarien altuera zela.
Zentzu horretan, alegiarrek jokalarien posizioak aldatuz nahasmena eragiteko saiakera egin zuten eta horrek bere fruituak eman zituen. Izan ere, Bosteko Irauliko jokalari garrantzitsuetako batzuk faltekin kargatu ziren eta minutu dezente aulkian igaro behar izan zituzten. Horri erritmo altua erantsi zion Elorri Aldapak eta aurkariarengan nekea eraginez, erasoan argitasuna galdu arazi zien donostiarrei, jaurtiketa libre ugari huts eginez.
Lehen laurdenetik aurrea hartu zuten alegiarrek eta atsedenaldi luzera 36 eta 27 iritsi ziren. Hirugarrenean aldeak gora egin zuen eta azken 10 minutuetan donostiarrak apur bat hurbildu arren, Elorri Aldapak ondo kudeatu zuen egoera eta azkenerako garaipen ederra lortu zuten, denboraldiko helburu nagusia eskura utziz.