Berriak
Atzealdea Elorri Aldapak mailari eustea lortu du eta igoera fasea jokatuko du
2025·02·05
Elorri Aldapak lortu du 2024-2025 denboraldiaren hasieran jarritako helburu nagusia. Alegiarrak lehen denboraldia ari dira egiten lehen mailan eta fase erregularra amaituta, ziurtatu dute hurrengo denboraldian ere maila berean aritzea. Horrekin batera, igoera fasea jokatzeko sailkatu dira eta hemendik aurrerakoan, gozatzea izango da jomuga nagusia.
Iragan larunbatean berretsi zuten lehen lau postuetan sailkatzea. Beasainen Arri BKLren aurkakoa izan zuten eta 67 eta 103 irabazi zuten. Partidarik irabazi gabe zegoen talde bat zuten aurrean eta konfiantzarik gabe, serio sartu ziren partidan alegiarrak. Lehen unetik aurrea hartu nahi zuten markagailuan, aurkariari aukerarik ez emateko eta egiari zor, Beasaingo kantxa zabalak alegiarren jokoaren ezaugarriei mesede egin zien. Talde lanean oinarrituriko garaipena izan zen. Talde lana bai defentsan, laguntzak emanez eta baita erasoan ere, mugimenduekin taldekideei saskiratze erosoak egiteko aukerak sortuz. Lan horrek higadura eragin zuen aurkariarengan eta amore eman zuten beasaindarrek.
Gauzak horrela, mailari eusteko helburua lortuta, gozatzeko unea da baina lanean jarraitzekoa ere bai. Igoera fasean hezur gogorrak izango dituzte parean baina gauzak probatzeko eta jokalari guztien artean minutuak banatzeko baliatu nahi dute taldeko arduradunek. Bide batez, jokalariei eskerrak eman nahi dizkiete, urtean zehar erakutsitako jarrera eta prestutasunagatik. Aldagelan dagoen giro ona izan da neurri handi batean, helburuak lortzeko oinarri nagusienetako bat.
Asteburuan atsedena izango dute eta hurrengoan hasiko dira igoera fasearekin.