Berriak
Atzealdea Elorri Aldapak ‘Txikitasunean handi’ bazkidetza kanpaina jarri du martxan
2022·09·08

Elorri Aldapa saskibaloi taldeak erronka berriak ditu hastear den denboraldi berriari begira. Kirol ikuspuntutik, bigarren mailarako igoera lortuta da taldea eta aurkarien mailak gora egingo du aurtengoan. Horrez gain, taldeak ere beste urrats batzuk eman nahi ditu alor ezberdinetan eta horietako bat da ‘Txikitasunean handi’ bazkidetza kanpaina.
Hala nahi duen orok taldeko bazkide egiteko aukera du urtean 10 euro ordainduta. Bazkide egiten direnek, taldeari laguntzeaz gain, abantaila batzuk ere izango dituzte. Hilean behin bazkideen artean sari ezberdinen zozketak egitea da Elorri Aldapako kideen asmoa eta hori dela eta, herritarrak bazkidetza kanpainan parte hartzera animatu nahi dituzte.
Taldeko kideek beti eskertu izan dute zaleek ematen dieten babesa eta bazkidetza kanpaina honen bidez, jasotzen duten hori neurri batean itzultzea ere bada helburuetako bat.
Bazkide egin nahi dutenek aukera ezberdinak dituzte. Alde batetik, taldeko edozein kiderekin harremanetan jarrita egin daiteke. Bestetik, Elorri Aldapak Alegian jokatzen dituen partidetan ere izango da bazkide egiteko aukera. Azkenik, datorren irailaren 16tik 18rako asteburuan, taldeak jarriko duen mahaian ere izango da horretarako aukera.
Denboraldia ate joka
Kirol arloan ere denboraldia hastear da. Larunbat honetan lagunarteko partida bat jokatuko dute 17:00etan Elorrin Loiola 21 Hoops taldearen aurka eta lehiaketa ofizialari irailaren 17an emango diote hasiera. Easoren aurkako partida izango da denboraldiko lehena, 17:00etatik aurrera Elorrin bertan.