Berriak

Elorri futbol zelaia erabilgarri egongo da gaurtik aurrera

Aurrez hitzordua hartu beharko da eta herriko taldeek eta kultur etxeko bazkideek lehentasuna izango dute

2020·07·06


Elorri futbol zelaia herritarrek erabiltzeko moduan egongo da gaurtik aurrera. Erabili nahi dutenek hitzordua hartu beharko dute aurrez eta jarraian biltzen dira futbol zelaia erabili ahal izateko baldintzak.

Aurrez hitzordua hartu behar da

943 65 46 98 telefonora deitu behar da 10:00etatik 13:00erako ordutegian edo kultura@alegia.eus helbidera idatzi ordua hartzeko. Hitzorduak hartzeko, erabili nahi den astearen aurreko asteko ostegunera bitarteko epea egongo da. Hitzordua hartzea derrigorrezkoa izango da.

Futbol zelaiaren ordutegia

Astelehenetik ostiralera 16:00etatik 20:30era egongo da erabilgarri. Kultur etxeko harrerara joan eta arduradunari iritsi garela jakinarazi beharko zaio giltza hartu ahal izateko. Identifikazio dokumenturen bat eramatea gomendatzen da. Saioaren amaieran giltza kultur etxera itzuli beharko da.

Txandak eta desinfekzioa

Ordu eta erdiko txandak izango dira. Zelai osoa edo erdia erreserbatzeko aukera egongo da. Zelai erdia erreserbatzen bada, aldiko gehienez 10 pertsona egon ahal izango dira eta osoa erreserbatzen bada, 22. Hasiera batean ez da asteko ordu kopuru mugarik jarriko baina egiten diren erreserbak aurreko asteko ostiralean konfirmatuko dira. Helburua ahalik eta erabiltzaile gehienek futbol zelaia erabiltzeko aukera izatea da.

Saio bakoitzeko azken hamar minutuetan erabiltzaileek ukitzen dituzten gainazal edo materialak desinfektatu beharko dituzte eskura izango dituzten produktuekin.

Segurtasun eta higiene neurriak

-Ur botilak, izerdia lehortzeko eskuoihalak... norberak bereak eraman eta erabili beharko ditu.

-Bi eskuoihal eraman beharko dira. Bat izerdia lehortzeko eta bestea gainazaletarako.

-Kaleko oinetakoekin sartzea debekatuta dago. Futbol zelaira sartzerakoan oinetakoak aldatu behar dira.

-Aldagelak itxita egongo dira.

-Kultur etxera sartzeko maskarila derrigorrezkoa izango da.

Nork erabili dezake?

-Herriko kirol taldeek.

-Bazkideek.

-Bazkide ez diren herritarrek, beti ere herriko taldeek eta bazkideek lehentasuna izango dutela jakinda.

-Talde bakoitzean 18 urtetik gorako arduradun batek egon beharko du.