Berriak

Emakumeenganako Indarkeriaren aurka matazak egiteko deialdia azaroaren 25eko aldarrikapen modura

Herritarrek indarkeria sexistaren aurka egin ahal izango dute matazak eginez eta azaroaren 10a baino lehen kultur etxean entregatuz

2020·10·16


Azaroaren 25ean Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da mundu osoan. Azken urteetan, Alegiako Kultura batzordeak eta Eztanda Feminista Alegiako emakumeen taldeak ekintza ezberdinak burutu izan dituzte egun horretako aldarrikapenen bueltan elkarlanean. Aurtengorako, ‘Matazak Indarkeria Sexistaren Aurka’ mugimenduarekin bat egin nahi izan da eta herritarrak bertan parte hartzera animatu nahi dira.

Mugimendu honen funtsa norberak etxean oihal, ehun, kakorratz, puntu edo beste joste moduen bidez egindako matazak egitea da, gero guztiak elkartu eta herriko guneren batean ikusgai jartzeko, aldarrikapen modura.

Ekimenean parte hartu nahi duten herritarrek 30 zentimetroko zabalera eta nahi besteko luzera duten matazak egin behar dituzte. Oinarri modura kolore morea erabiltzea eskatzen da, nahiz eta gero beste hainbat kolorerekin jantzi.

Kultura batzordetik eta Eztanda Feminista taldetik herritarrak ekimenean parta hartzera animatu nahi dira. Egiten diren mataza horiek kultur etxean entregatu behar dira azaroaren 10a, asteartea, baino lehen.