Berriak

Atzealdea Energiaren Euskal Erakundeak ibilgailu elektrikoak erosteko 7000 euro arteko laguntzak emango ditu

Ibilgailu zaharra txatar bihurtzen duenak laguntza handiagoa jasoko du eta eskaerak irailaren 28tik aurrera egin ahal izango dira

2021·07·20


Eusko Jaurlaritzaren energiaren alorreko agentzia den  Energiaren Euskal Erakundeak ibilgailu elektrikoak erosteko 7000 euro arteko laguntzak emango ditu. Eskaerak aurkezteko epea irailaren 28an zabalduko da eta erakundearen webgunean egin ahal izango dira. Moves III programak ibilgailu elektrikoetarako 9 milioi euroko laguntzak iragarri ditu eta 7,4 milioikoak kargatze azpiegituretarako. Ibilgailu elektriko-entxufagarriek eta erregai-pila bidezkoek jasoko dute laguntza eta baita kargatze-puntuen ezarpenak ere.

Hasiera batean, partikular edo autonomo batek 4500 euroko laguntza jaso ahal izango du ibilgailu berria erosteagatik baina ibilgailu zaharra txatar bihurtzen badu, laguntza hori 7000 eurokoa izango da.

Programan zehazturiko zenbatekoek %10eko gehigarria izan dezakete ondoko kolektiboentzat:

-Mugikortasun murriztua izaki, ibilgailua egokitu beharra duten pertsonak.

-5000 biztanletik beherako udalerrietan erroldatuta daudenak.

-Taxi zerbitzua edo Gidaridun Ibilgailu Zerbitzua emateko behar dutenak.

Aipatu bezala, irailaren 28an zabalduko da eskaerak aurkezteko epea eta 2021ko apirilaren 10etik aurrera egindako erosketak sartu ahal izango dira.