Berriak

Enpleguneko kontratazioetarako laguntzak eskatzeko epea berriro ere zabaldu da

Enpresa eskatzaile batzuek laguntza jasotzeko baldintzak ez betetzeak eragin du aldaketa eta eskaera berriak egiteko azken eguna urtarrilaren 15a izango da

2022·12·22


Tolosaldea Garatzenek jakinarazi du berriro ireki dela eskualdeko enpresetan kontratazioak sustatzea helburu duen Enplegunearen barruan banatzen diren dirulaguntzak eskatzeko epea.

Aurten eskaera asko jaso dituzte enpresetatik, eta hori eskertu nahi izan du garapen agentziak. Aurtengo laguntzarekin 33 kontratu mugagabe sustatzea aurreikusten zen.

Baina, jakina denez, laguntza jaso ahal izateko zenbait baldintza bete behar izaten dira. Betetzen ez zituzten eskaerak indargabetu ondoren, eskaera berrietarako epea ireki da berriro, itxarote-zerrendan ez baitago besterik.

Eskaeren deialdia, beraz, 2023ko urtarrilaren 15era arte luzatuko da. Hori bai, ez da kontratazio-epea aldatuko, eta 2022ko abenduaren 31 baino lehen egin beharko da kontratazio hori.

Diru-laguntzaren ezaugarriak

• Gehienez 8.800€ko diru-laguntza.

• Kontratu mugagabea egin beharko da.

• Gehienez kontratazioaren kostuaren %75a.

• Eskualdean erroldatutako langileen kontratazioa.

Enpresentzako baldintzak

• Eskaerarako azken eguna: 2023ko urtarrilak 15.

• Egoitza eta lan eremua eskualdean.

• Formazioko eta praktiketako kontraturik ez da onartuko.

• Kontratazioek enplegu-sorrera garbia ekarri beharko dute berekin, kontratatu beharreko pertsona lanean hasi aurreko 6 hilabeteetan enpresan dagoen batez besteko plantilla osoaren gainean.

Kontratuaren baldintzak

• Kontratu mugagabeak onartuko dira bakarrik.

• Lanaldi osoko kontratua.

• 2022ko maiatzaren 21etik abenduaren 31ra bitarte sinatutako kontratuak soilik.