Berriak
Atzealdea Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin dute aurten ere udalek eta hainbat erakunde publikok
2021·04·07
Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi dute UEMAk eta hainbat erakunde publikok, elkarlanean. Izan ere, lurralde bakoitzeko foru ogasunaren arabera webguneak, telefonoak eta gainerakoak aldatzen diren arren, moduak antzekoak dira kasu guztietan, eta horietan euskararen aldeko hautua egitea da kanpaina honekin UEMAk lortu nahi duena.
Errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua urtez urte gorantz ari den arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindik. Horregatik, eta administrazioa euskalduntzeko duen eraginagatik, errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea garrantzitsua da UEMArentzat, euskararen normalizaziorako bidean udalerri euskaldunak egiten ari diren beste urrats bat baita.
Gipuzkoan, iaz abiarazi zuen 100.000 zergadun ogasunarekin euskaraz egitasmoari helduko dio aurten ere Gipuzkoako Foru Aldundiak. Lau urterako egitasmoa aurkeztu zuen iaz eta, horren baitan, Ogasunarekin euskaraz leloa gehituko dute aurtengo kanpainari lotutako euskarri guztietan.