Berriak

Errenta aitorpena euskaraz egitera bultzatu nahi dira herritarrak Udaletik

Ogasunak uztailaren 29ra bitartean luzatu du aitorpenak aurkezteko epea

2020·05·13


UEMAren ekimenarekin bat eginez, aurtengo errenta aitorpenaren kanpainan euskara erabiltzera animatu nahi ditu Udalak herritarrak. Modu ezberdinak dituzte herritarrek euskara hautatu ahal izateko. Autolikidazio proposamena jasotzen dutenek, telefonoz zein internet bidez, onartzerakoan euskaraz egin nahi dutela adierazi behar dute. Modu horretan, hortik aurrera ogasunak agiriak euskaraz bidaliko ditu.

Internet bidezko aitorpenetan, errenta aitorpenaren programaren euskarazko bertsioa jaitsi behar da eta “hobetsitako hizkuntza” atalean, euskara hautatu. Aholkularitzaren bat hautatzen bada, berariaz adierazi behar da aitorpena euskaraz egin nahi dela. Finantza erakunderen batean edo beste moduren batera egiten bada, euskaraz egiteko eskatu daiteke.

Modu mekanizatuari dagokionean, hitzordua hartzerakoan ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi direla adierazi daiteke. Hori egiten bada, telefono edo internet bidezko zein harreman presentziala euskaraz izango da, ogasunak sinatzeko ematen dizun orria bezalaxe.

Epeak luzatuta

Bizi dugun ezohiko egoera honetan, ogasunak errenta aitorpenaren kanpainari dagozkion epeak luzatu ditu. Horrela, hitzordua eskatzeko epea maiatzaren 12an zabaldu zen eta uztailaren 7an itxiko da. Aitorpenak egiteko azken eguna berriz uztailaren 29a izango da.