Berriak

Atzealdea Ertza konpainiak ‘UN’WE’ ikuskizunaren aurrestreinaldia egingo du uztailaren 18an, Alegiako jaietan

18:30ean plazan izango da Alegian bizi den Asier Zabaletaren konpainiaren emanaldia eta ‘Otempodiz’ ikuskizuna ere eskainiko dute

2025·07·11


Alegian bizi den Asier Zabaletaren Ertza konpainiak emanaldi bat eskainiko du uztailaren 18an, ostirala, Alegiako jaien barruan. 18:30etik aurrera ‘UN’WE’ ikuskizunaren aurrestreinaldia izango da plazan eta emanaldi berean ‘Otempodiz’ ikuskizuna ere eskainiko dute. Koreografia Asier Zabaletarena da eta Fenias Nhumaio eta Deissane Machava dantzariek interpretatuko dute, musika anitzarekin. Segidan, ikuskizunei buruzko datu batzuk:

UN’WE (AURRE-ESTREINALDIA)

“UN’WE”-k, “BAT BAKARRA” esan nahi du “changana” hizkuntzan, Afrika hegoaldeko hainbat herrialdetan hitz egiten den bantu hizkuntzan. Hemen, gure munduari egiten dio erreferentzia, sare sozialei esker bakarrera murriztu den munduari; baina aldi berean, eta gaur inoiz baino gehiago, bertan dauden desberdintasunak nabarmen erakusten dituenari; gutxitu beharrean, ugaltzen doazen desberdintasunak izan ere. Bi mundu, bata bestearengandik geroz eta urrunago dauden arren, elkarren beharra dutela, eta azken finean mundu berbera direla ulertzen ez dutenak.

UN’WE-k, gaur egun ematen diren esklabutza mota berriez, esplotazioaz, indibidualismoaz eta sare sozial deiturikoekiko menpekotasunaz hitz egiten du.

OTEMPODIZ

ZUEK ERLOJUAK DITUZUE, GUK DENBORA DAUKAGU

Esaten denez, mendebaldean denbora zenbatu egiten da, neurtu, aurreikusi, antolatu; ondasun objektiboa da, gizakiagandik bereizia, hainbat gauza egiteko erabiltzen duguna, baina gehienetan falta egiten zaiguna. Afrikan berriz denbora bizi egiten da, eduki egiten da, egin egiten da; ondasun subjektiboa da, gizakiari zuzenki loturik doana, orainaldian bizitzen dena eta ia inoiz ez dena falta. Munduko punta batean edo bestean jaiotzearen patuak halabeharrez markatzen du aurrerantzean izango dugun denboraren ulermena, eta dena aldakorra den arren, nekez lortuko dugu lehen ikasgai hori ahaztea. Denbora modu askotara bizi daiteke, bai eta bere esklabu izatera iritxi ere; baina ukaezina dena, dantzak eskaintzen digun gaitasuna da, denbora orainaldi absolutu batetan bizitzeko ematen digun ahalmena, eta hau munduko edozein herrialdetan betetzen da.

ERTZA konpainia

ERTZA konpainiak, 2004ean Asier Zabaletak sortu zuenetik etenik gabe jardun du sorkuntza arloan, gaur egun Euskal Herriko dantza garaikidearen erreferentzia taldeetako bat bilakatu arte. Ibilbide luze honetan Asier Zabaletak 27 lan zuzendu ditu. Horietatik 21 ERTZA konpainiaren baitan sortuak izan dira, eta beste 6, hainbat egoitza artistikoetan, atzerriko nahiz estatuko konpainia edo taldeentzat sortuak izan direlarik.

ERTZA-ren lanak ondorengo herrialdeetan erakutsiak izan dira: Txina, Filipinak, Brasil, Peru, Costa Rica, El Salvador, Mexiko, Israel, Errusia, Lituania, Hungaria, Luxemburgo, Suitza, Alemania, Frantzia, Italia, Grezia, Mozambique, Senegal, Kongo, Portugal eta Espainia.

SARIAK

-Max saria kaleko ikuskizun onenari – arte eszenikoen XXI Max sarietan.

-Euskadiko kale ikuskizun onenari saria, Leioako “2017 umore azoka” jaialdian, “Meeting point” ikuskizunarekin.

-Ibilbide artistikoari saria. Gipuzkoako dantza profesionalen elkartearen eskutik XIII dantza sarietan.

-Euskadiko lan onenari saria, Leioako 2014 umore azoka jaialdian, “4x4” ikuskizunarekin.

-2.010 errusiako “Chelyabinsk” estatuan koreografia garaikide arloan 1. saria eta Errusiako urrezko maskara sarietan bi izendapen: dantza garaikide ekoizpen onena eta koreografo onena “Next in line” lanarekin.

-“XXII certamen coreográfico de Madrid”-en 3 sari: “Centro coreográfico galego”-n egoitza artistikoa. Biretarako laguntza eta dantzari onenari (Eneko Gil) Fundación AISGE saria.

-Gran Canariako 10masdanza jaialdian bakarlanen 1.saria, “Ego” lanarekin.