Berriak

Atzealdea Et Incarnatus orkesta Zaraten ariko da larunbatean Azken Muga ekimenaren azken ekitaldian

12:30ean gazteentzako emanaldi berezia izango da eta 18:00etan kontzertu nagusia

2016·09·20


Uztailean, abuztuan eta irailean ekitaldi ugari egin da Zaraten Azken Muga ekimenaren baitan. Musika mota ezberdinak, kirol jarduerak, bertsolariak… Guztik ere Aralarreko txoko horretan gauzatu dira naturarekin bat eginda eta egitasmoari behar bezalako amaiera emateko, datorren irailaren 24ean, larunbata, Et Incarnatus orkestaren kontzertua izango da 18:00etatik aurrera Zaraten bertan.

Izen handia duen orkesta da Et Incarnatus eta bere ibilbidean zehar ohiko kontzertuetatik aparte, bestelako egitasmoetan ere hartu izan du parte. Larunbatekoa ere ez da guztiz ohikoa izango. Izan ere, bi emanaldi eskainiko ditu orkestak. Lehena 12:30ean, umeentzat soilik izango dena. Kasu honetan, orkesta Tolosako Erraldoien eta Buruhaundien Konpartsak lagunduta ariko da. Emanaldi berezia izango da eta inguruko gaztetxoak bertaratzeko, autobusak eta oinezko ibilbideak prestatu dira.

Arratsaldean berriz, kontzertu nagusia izango da. 18:00etatik aurrera orkesta artista ezberdinek lagunduta ariko da Zarateko lepoan bertan. Bixente Martinez ariko da gitarrarekin eta Leire Berasaluze, Kristina Aranzabe eta Lucia Gomez abeslariak ere izango dira. Horrenbestean, Azken Muga egitasmoari amaiera berezia emango zaio larunbatean eta bertarako gonbita egina dago.