Berriak

Atzealdea Etxez etxeko laguntza zerbitzuan hobekuntzak izango dira aurrerantzean

Alegiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lorturiko hitzarmen batek ahalbidetuko ditu hobekuntza horiek

2018·06·06


Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua asistentzia eta prebentzio zerbitzu bat da, erabiltzaileei ahal bezain luzaro norberaren etxean bizitzen jarraitzeko laguntza ematean datzana; horretarako, etxeko laguntza edo/eta laguntza pertsonala eskaintzen zaie, etxean moldatzeko eta beren komunitatean txertatzeko, bakartzea saihestuz.

Egitasmo horrek hainbat helburu ditu. Batetik, autonomia galerari aurrea hartzea, autonomiari eustea edo/eta autonomia galera konpentsatzea. Horretarako, laguntza partziala edo/eta erabatekoa emango da norberaren zaintzarako eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko edo/eta eguneroko bizitzako jarduera instrumentaletarako.

Beste helburuetako batzuk erabiltzaileen segurtasun sentipena indartzea eta erabiltzaileak beren komunitatean integra daitezen bultzatzea eta bakartze edo/eta bazterketa egoerak saihestea dira. Azkenik, norberaren etxean ahalik eta luzaroen eta bizi kalitate egokiarekin bizi daitezen ahalbidetzea, ahal den heinean; horrela, atzeratu edo saihestu egingo da ostatu zerbitzuetan edo egoitzetan sartu beharra.

Zerbitzuak eskaintzen dituen prestazioen artean informazioa ematea, etxeko laguntza, laguntza pertsonala eta gizarte laguntza aipatu behar dira. Erabiltzaileei beren eskubideei eta zerbitzuari buruzko informazio egokia eta nahikoa eskuratzeko aukera eman behar zaie, behar den denboraz eta behar den moduan. Etxeko laguntza erabiltzaileei eguneroko bizitzako jarduera instrumentalak egiteko laguntza partziala edo osoa eskaintzen dien prestazioa da.

Laguntza hori bereziki dagokie elikadurari, jantziei eta erabiltzailea bizi den etxeko instalazioen mantentzen garbiketari, ongi antolatzen laguntzeko; prestazio honetan sartzen da, halaber, hala dagokionean, jarduera horiek gauzatzeko beharrezko trebetasunen lanketa. Laguntza pertsonala erabiltzaileei honako jarduera hauek egiteko laguntza partziala edo osoa eskaintzen dien prestazioa da.

Batetik, zaintza pertsonalarekin loturiko eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak, bereziki, ohetik altxatzea eta oheratzea, norberaren garbitasuna, batetik bestera joatea, jatea edo oinarrizko beste funtzio batzuk.

Bestetik, ingurunearekiko lotura ahalbidetzen duten jarduera instrumentalak, bereziki, komunikaziokoak (telefonoa erabiltzea, gutunak idaztea…) eta familiarengana eta komunitatearengana iristeko beharrezkoak. Hemen sartzen da, hala dagokionean, jarduera horiek gauzatzeko beharrezko trebetasunen lanketa.

Hirugarrenik, osasunarekin loturikoak: medikuak agindutako botikak erostea, kontrolatzea eta behar bezala hartzen diren gainbegiratzea. Azkenik, gizarte laguntza edo akonpainamendu zerbitzua egongo litzateke.

Ondoko egoerak bizi dituzten pertsonek erabili dezakete zerbitzu hau. Beren kasa moldatzeko zailtasunak direla medio, eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak edo/eta jarduera instrumentalak gauzatzeko laguntza behar duten pertsonak; familiek zaindu ezin dituzten edo behar duten zaintza eta arreta eman ezin dieten adingabeak; zama astunegia, harreman gatazkatsuak, gizarte egoera egongaitzak edo/eta gaixotasun fisiko edo/eta psikikoen ondoriozko arazoak dituzten familiak edo pertsonak, eguneroko bizitzako jardueretarako laguntza partziala edo erabatekoa behar dutenak eta azkenik, aldi bateko gaixotasun edo gaixotasun terminal batek jotako pertsonak, gaixotasunaren ondorioz eguneroko bizitzako jardueretarako beste norbaiten laguntza behar dutenak.

Zerbitzuaz baliatu ahal izateko ezinbestekoa da Alegian erroldatuta egotea eta zerbitzuaz baliatu nahi den bitartean hala jarraitzea. Eskaerak egin nahi dutenek Udaleko gizarte zerbitzuetara jo beharko dute, udaletxeko eraikinean, astearte, asteazken edo ostegunetan 9:00etatik 13:00era edo bestela, 943 65 47 68 telefono zenbakira deitu beharko dute.

Hemendik aurrera zerbitzu honetan hainbat aldaketa emango dira Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Alegiako Udalak sinatu duten hitzarmen bati esker. Erabiltzaileek hainbat abantaila izango dituzte hitzarmen berri honi esker. Alegiako Udalaren ildo nagusietako bat dira gizarte politikak eta hitzarmen horrekin zentzu horretan lanean jarraitzeko duen konpromisoa berretsi du.