Berriak

Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria paperean eta interneten, haur eta gazteentzako milaka produkturekin

Katalogoa.eus webguneak ia hamaika mila produkturen erreferentziak jasotzen ditu

2020·12·02


Urteko garai honetan seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota jostailu eta jokoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute, beste urte batez, Euskal Herriko 105 bat udal eta mankomunitatetako Euskara Zerbitzuk. Aurtengoa 22. edizioa da.

Bai web-orriak zein paperezko edizioak, biek ere itxura berriak estreinatu dituzte eta dituen edukiak bi atal nagusitan antolatuak daude: 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin osatua bata, eta 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin osatua bestea.

Paperezko edizioak 70.000 ale

Egunotan banatuko dira paperezko edizioaren 70.000 aleak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan. Azkeneko urteotan egin den modu berean, paperean editatzen den katalogoak aurten ere bi azal izango ditu: azal batek sarbidea ematen die 12-16 urte bitarteko gazteentzat eskaintzen diren produktuei, eta beste aldeko azalak 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuei eta gurasoentzako materialei. Aurkezpen honi esker produktuen bilaketa nabarmen errazteaz gain, nortasun propioa ematen zaio adin tarte bakoitzari. Jakina, paperezko edizioak ez ditu jasotzen KATALOGOA.EUS web-orrian jasota dauden 2020ko produktu guzti-guztiak, atalka antolatutako hautaketa bat baizik: musika, DVD-filmak, aldizkariak, komikiak, liburuak, jostailu eta jokoak eta gurasoentzako materiala.

Nobedadeen segimendua sare sozialen bitartez edota buletin elektronikora harpidetuz

Urtean zehar argitaratzen diren produktuen berri izan nahi duten interesatuek, Facebook-en bitartez jarraipena egiteko aukera izango dute. Gainera, KATALOGOA.EUS web-orriak buletin elektronikora harpidetzeko bidea ere ematen du, argitaratu berri diren hainbat produkturen erreferentziekin. Azken finean, horixe baita KATALOGOA.EUSen helburua: merkatuan aurki daitezkeen euskarazko produktuak erabiltzaileen eskura modu erraz batean jartzea.