Berriak
Atzealdea Eusko Jaurlaritzak gabonetarako prebentzio neurri berriak jarriko ditu indarrean gauerditik aurrera
2020·12·11
Eusko Jaurlaritzak pandemiaren egoeraren azterketa egin zuen asteazkenean LABI batzordean. Bertan, ate joka dugun gabon garaiari begira, hainbat prebentzio neurri indarrean jartzea erabaki zen. Neurri horiek gaur gauerdian, abenduaren 12ko 00:00ak, jarriko dira indarrean eta urtarrilaren 11n egingo da egoeraren hurrengo balorazioa. Mugikortasuna, ostalaritza, elkartu daitekeen jende kopurua… Hainbat puntu aipatzen dira neurrietan. Jarraian zerrendatzen dira horietako batzuk.
-Gaueko etxeratze agindua 22:00etatik 06:00etara bitartean
Neurri horri eutsiko zaio bi salbuespenekin. Abenduaren 24tik 25erako eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1erako gauetan, etxeratze agindua 01:30era atzeratuko da.
-Euskadiko konfinamendu perimetralari eustea
Abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra EAEtik atera ahal izango da, senideak bisitatzeko. Desplazamendua arrazoitu beharko da agiri baten bidez.
-Herrien arteko konfinamendua altxatzea eta lurralde historikoen artekoari eustea
Lurralde historiko baten barruan mugikortasuna baimenduta geratuko da abenduaren 12tik aurrera. Lurralde historikoen arteko konfinamenduari abenduaren 23rta bitartean eutsiko zaio.
-Gehienez sei pertsonako taldeak elkartu ahal izatea
Salbuespenak abenduak 24, 25, 31 eta urtarrilak 1. Egun horietan gehienez hamar pertsonako taldeak elkartu ahal izango dira. Elkartze horietan bi elkarbizitza unitate baino gehiago ez biltzeko eta ospakizun guztietan multzo bera mantentzeko gomendioa egiten da.
-Gabonetako jai kutsua duten eta jende pilaketak eragin ditzaketen ekitaldiak bertan behera uztea
Abenduaren 21etik aurrera pilaketak eragin ditzaketen ekitaldiak bertan behera geratuko dira: gabon gaueko edo errege bezperako kantu taldeak, kanpaikadekin loturiko kaleko festak, San Tomas bezalako ospakizunak, urte zahar eguneko San Silvestre krosak edo antzeko kirol jarduerak, mugimenduan egiten diren errege kabalgatak…
-Ostalaritza jarduera irekitzea
Ostalaritza lokalek ateak zabaldu ahal izango dituzte. 06:00etatik 20:00etarako ordutegian eskaini ahal izango dute zerbitzua. Zerbitzuguneak neurri honetatik salbu geratzen dira. Terrazetan %100ean eskaini ahal izango da zerbitzua eta lokal barruan %50ean. Mahai bakoitzean lau pertsona elkartu ahal izango dira eta gehienezko sei pertsonako taldeek bi mahaietan elkartu beharko dute. Gogorarazten da musukoa une oro jarrita izan behar dela jateko edo edateko unean izan ezik.
5000 biztantetik beherako herrietan, egoera epidemiologikoak edo kutsatze kopuruak gala eskatzen badu, osasun sailak ostalaritzaren itxiera agindu dezake.
-Kirol federatuan gehienez 6 pertsonako taldeen entrenamenduak baimentzea
Kirol federatuan dihardutenen entrenamenduak baimentzen dira gehienez 6 pertsonako taldeetan. Aldagelak gehienez %30ean erabili ahal izango dira eta dutxak banaka.
Lehiaketan edo intentsitate altuko jarduera fisikoan ez da musukoa erabili beharrik izango. Bai ordea, eremu itxietako kirol jardueretan, hiri eremukoetan eta jendearen joan-etorria handia den lekuetan.
-Beste kirol jarduera guztietako debekuei eustea
Egoeraren bilakaeraren arabera, gabonen ostean muga horiek leuntzeko aukera egon liteke baina bitartean, indarrean jarraituko dute.
Dekretua osorik azpiko loturan kontsultatu daiteke.