Berriak

Atzealdea Eusko Jaurlaritzako LABI batzordeak gabonetarako prebentzio neurriak gogortu ditu

Gabon eta Urtezahar gauetan 00:30era aurreratu da etxeratze agindua eta hilaren 31n eta urtarrilaren 1ean gehienez 6 laguneko bilkurak baimenduko dira

2020·12·23


Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordeak, LABIk, pandemia geldiarazteko gabonei begira hasiera batean hartutako neurri murriztaileak gogortu ditu. Batzordeko teknikariek atzo goizean egin zuten egoeraren balorazioa eta arratsaldean politikarien bileraren ostean ezagutarazi ziren neurri berriak.

Abenduaren 24tik 25erako eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1erako gauean etxeratze agindua 00:30era aurreratzea eta egun seinalatuetan ostalaritza eta merkataritza lokalak 18:00etarako ixtea dira hartu diren erabakietako batzuk. Jarraian dituzue neurri nagusiak zerrendatuta.

1. 24-25 eta 31-1 gauetan etxeratze agindua 00:30era aurreratzea.

2. Abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1era EAEko konfinamendu perimetrala kendu.

3. Abenduren 31ko eta urtarrilaren 1eko bazkari-afarietan 6 lagun elkartu ahal izango dira gehienez.

4. Abenduak 24, 25, 31 eta urtarrilak 1, 5 eta 6, merkataritza  eta ostalaritza lokalak 18:00etan itxiko dira.

5. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an merkataritza eta ostalaritza lokalek ezingo dute 9:00k baino lehen ireki.

6. Abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra bitartean, kanpinetan ez da abenduaren 28a baino beranduago sartuko den bezerorik onartuko.

7. Abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an kotilloiak eta edozein motako ostatutan festak debekatuta. Hoteletako jantokiak 23:30ean hustuta egon beharko dute, gehienez 6 lagun elkartuz.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariko gaurko alean argitaratu den dekretua azpiko loturan kontsultatu daiteke.

PDF
0,2 MB
2020·12·23 Dekretua
Eusko Jaurlaritzak COVID-19ari aurre egiteko gabonetarako zehaztutako prebentzio neurriak gogortzen dituen dekretua.