Berriak
Atzealdea Festazaleak nagusi dira Alegian
2025·07·19

Bete-beteko festa eguna da gaurkoa Alegian. Goizeko diana eta erraldoien kalejirak bat egin du eguerdirako plazan antolatuta zeuden ekitaldiekin. Iaz jaiotako haurrei egin zaien omenaldiaren ostean, sagardo dastaketa izan da txorizo eta sardinekin. Jende ugari elkartu da bertan eta arratsaldeari begira, ‘Garbijai’ emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute txikienek, meriendaren aurretik.
19:00etan bertso saioa izango da plazan. Iker Iriartek aurkeztuko du saioa eta Unai Iturriaga, Nerea Ibarzabal, Xabat Ilarregi eta Alaia Martin ariko dira kantuan. 22:30ean XI. Alegiako Pilota Txapelketako finalak jokatuko dira. Lau t’erdian Oiarbidek Madinaren aurka jokatuko du eta binaka, Sarasibar eta Arbizu Azketaren eta Iturriozen aurka ariko dira. Azkenik, Suthai batukada eta DJ Disco TK izango dira gauari erritmoa jarriko dietenak.
Bihar azken eguna izango dute Alegiako festek. Hemen egitaraua:
Uztailak 20, igandea
09:30. Kalejira berezia, herriko txistulari ohiekin.
12:15. Getariako musika bandaren emanaldia plazan.
Ondoren, Laskotxaranga kalez kale ibiliko da, egun guztian zehar.
17:00. Sokamuturra plazan.
19:30. Talka taldearen ‘Gure soinua’ emanaldia plazan.
21:00. Zahagiardoa plazan.
22:30. Alaiki taldearekin dantzaldia plazan.
00:00. Txintxarria eta jaiak agurtuko ditugu.
Bibalabirjen jaien azken txanpa
Gaurkoa eta biharkoa geratzen zazkie Bibalabirjen jaiei ere. Gaur musika izango da protagonista eta segidan duzue biharko egitaraua:
Uztailak 20, igandea
19:00. Bakarrizketa. Getari Etxegarai eta Mirari Martiarena (Eztandak antolatuta).
21:00. Zahagiardoa.
22:30. Herriko bertsolariak.
Puntu morea txoznagunean
Aurten ere erasoen aurkako protokoloa martxan izango da jaietan. Txoznagunea izango da puntu morearen kokagunea eta norbaitek arazoren bat balu, 606 797 135 telefonora deitu dezake eta ordubeteko tartean puntu moreko arduradun batek etxera lagunduko dio.