Berriak

Atzealdea Festetan egingo den ‘Alegitalent’ lehiaketan parte hartzeko izena emateko epea zabalik egongo da uztailaren 4ra bitartean

Uztailaren 16an izango da, talde zein norbanakoek hartu ahal izango dute parte eta kultur etxean eman behar da izena

2024·06·13


Alegiako festen barruan, uztailaren 16an ‘Alegitalent’ lehiaketa egingo da. Festa batzordeak antolatu du eta adin guztietako norbanako zein taldeek hartu ahal izango dute parte. Izena emateko epea zabalik dago kultur etxean eta uztailaren 4a izango da azken eguna. Izena ematerakoan ondoko datuak zehaztu beharko dira:

-Partaide kopurua.

-Emanaldi mota (musika, dantza, magia, akrobaziak…).

-Behar teknikoak (musika, mikrofonoak…).

Entseguak egiteko kultur etxeko gela bat egokituko da. Astelehenetik ostiralera erabili ahal izango da 17:00etatik 20:00etara bitartean eta erabiltzaileek ordubeteko entseguak egin ahal izango dituzte. Orduak erreserba taula baten bidez esleituko dira.

Lehiaketak irabazle bakarra izango du eta egunean bertan emango da saria. Talentua, originaltasuna eta euskararen presentzia izango dira kontuan hartuko diren irizpideak. Epaimahaia Festa batzordeko kideek osatuko dute.