Berriak
Atzealdea

Gabonetako XXI. pilota topaketarako izena emateko epea zabalik abenduaren 4ra bitartean

Sailkatze partidak abenduaren 26an eta 27an jokatuko dira eta finalak hilaren 30ean Ikaztegietan

2023·11·16


Intxurre pilota eskolak gabonetako pilota topaketaren 21. ekitaldia egingo du abenduaren 26tik 30era. Bertan parte hartu nahi duten 6 eta 15 urte bitarteko neska-mutilek (2008 eta 2017 bitartean jaiotakoek) zabalik dute jada izena emateko epea. Banaka eman behar da izena eta antolakuntzak osatuk ditu bikoteak, dagokien adin mailetan banatuz maila ezberdinak osatuz. Mutiletan prebenjamin, alebin, infantil eta kadete  mailak osatuko dira. Nesketan, taldea osatzeko adinako izena ematea gauzatzen bada, beraien arteko partidak jokatuko dira, edozein mailetan. Eskuz pilota goxoekin jokatuko da eta bikoteen behin betiko osaketaren eta egutegiaren berri abenduaren 19an emango da.

Izena eman nahi dutenek Alegiako, Abaltzisketako, Altzoko, Amezketako eta Ikaztegietako ikastetxeetan banatuko diren orrien bidez eman ahal izango dute. Izena emateko orri hori aipatu eskoletan bertan entregatu ahal izango dute abenduaren 4a baino lehen.

Sailkatze partidak abenduaren 26an eta 27an jokatuko dira oraindik zehazteke dauden leku eta orduan. Finalak abenduaren 30ean, larunbata, jokatuko dira Ikaztegietako pilotalekuan goizez. Finalen ostean sari banaketa ekitaldia eta hamaiketakoa izango dira.

Zalantzak argitzeko edo izena emateko orria beste modu batera lortzeko, udakopelotaeskola2021@gmail.com helbidera idatzi daiteke.