Berriak

Atzealdea Gabonetako XXII. pilota topaketarako izena emateko epea zabalik abenduaren 4ra bitartean

Sailkatze partidak abenduaren 26an eta 27an jokatuko dira Alegian eta finalak hilaren 30ean Amezketan

2024·11·22


Intxurre pilota eskolak gabonetako pilota topaketaren 22. ekitaldia egingo du abenduaren 26tik 30era. Bertan parte hartu nahi duten 6 eta 15 urte bitarteko neska-mutilek (2009 eta 2018 bitartean jaiotakoek) zabalik dute jada izena emateko epea. Banaka eman behar da izena eta antolakuntzak osatuko ditu bikoteak, dagokien adin mailetan banatuz maila ezberdinak osatuz. Mutiletan prebenjamin, alebin, infantil eta kadete mailak osatuko dira. Nesketan, taldea osatzeko adinako izena ematea gauzatzen bada, beraien arteko partidak jokatuko dira, edozein mailetan. Eskuz pilota goxoekin jokatuko da eta bikoteen behin betiko osaketaren eta egutegiaren berri abenduaren 16an emango da.
Izena eman nahi dutenek Alegiako, Abaltzisketako, Altzoko, Amezketako eta Ikaztegietako ikastetxeetan banatuko diren orrien bidez eman ahal izango dute. Izena emateko orri hori aipatu eskoletan bertan entregatu ahal izango dute abenduaren 4a baino lehen.
Sailkatze partidak abenduaren 26an eta 27an jokatuko dira oraindik zehazteke dauden leku eta orduan. Finalak abenduaren 30ean, astelehena, jokatuko dira Amezketako pilotalekuan arratsaldez. Finalen ostean sari banaketa ekitaldia eta merienda izango dira.
Zalantzak argitzeko edo izena emateko orria beste modu batera lortzeko, udakopelotaeskola2021@gmail.com helbidera idatzi daiteke.