Berriak

Atzealdea Gabonetan ez da aspertzeko tarterik izango Alegian

Abenduaren 15etik urtarrilaren 5era bitartean egitarau zabala prestatu du Kultura batzordeak

2017·12·11


Gabonen ingurua oporraldi garaia izaten da askorentzat. Bada, Alegiako Kultura batzordeak ez die aspertzeko tarterik emango herritarrei. Abenduaren 15ean hasi eta urtarrilaren 5era bitartean, adin guztietako herritarrei zuzendutako ekintzak izango dira herrian. Abenduaren 15ean merkatu txikia egingo da Aralar institutuak antolatuta 18:00etatik aurrera plazan. Hori izango da egitarauari hasiera emango dion ekitaldia eta abenduaren 20an Loatzo musika eskolako bandaren kontzertuak emango dio jarraipena. 19:30ean hasiko da Elizpe zinean. Hilaren 22an, ostirala, musika eskola bereko ikasleen kontzertuak emango dio jarraipena egitarauari. Emanaldi hori 18:30ean hasiko da eta hau ere Elizpe zinean izango da.

Abenduaren 23an, larunbata, Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzek gabonetako kontzertua eskainiko dute elizan 19:45ean hasita. Abenduaren 24ean, goizeko 11:00etan San Juan eskolako ikasleak herriko kaleetara aterako dira kantura eta 18:30ean Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera izango da. Eskola aurrean egingo zaie harrera eta ondoren, herria zeharkatu ostean plazara iritsiko dira. Txintxarri abesbatza ere kalean ibiliko da abesten. Hilaren 25ean, Txintxarri abesbatzak meza nagusian abestuko du, 11:15etik aurrera elizan.

Abenduaren 26an eta 27an ume eta gaztetxoentzako ekintzak egingo dira. 10:00etatik 11:30era 6 eta 12 urte bitarteko haurren txanda izango da ludotekan eta ekintza horietan parte hartu nahi dutenek abenduaren 14a baino lehen eman beharko dute izena kultur etxean. Arropa, oinetako eta jostailu bilketa bat egingo da eta hala nahi duten herritarrek, aipatu ordutegian ludotekan produktuak uzteko aukera izango dute. 11:30etik 13:30era berriz, 12 eta 17 urte bitartekoen txanda izango da eta Gaztelekuan egingo dituzte jarduerak.

Abenduaren 27tik 30era Gabonetako Pilota Topaketa jokatuko da. 27an 15:30ean parte hartzaile guztien argazkia aterako da Elorri pilotalekuan eta 16:00etan partidak hasiko dira. 28an ere Alegian jokatuko dira partidak eta 30ean finalak Altzon izango dira, 16:00etatik aurrera. Kirolarekin jarraituz, urteko azken egunean, abenduaren 31n, VIII. San Silbestre lasterketa jokatuko da. Ohi bezala, adin ezberdinetako probak jokatuko dira 16:00etan hasita. Urteko azken ekintza, abenduaren 31n 19:00etan “Euskal preso eta iheslariak etxera” lemapean egingo den manifestazioa izango da.

Urte berriarekin batera, urtarrilaren 1ean Txintxarri abesbatzak meza nagusian abestuko du 11:15etik aurrera eta ohiturei eutsiaz, udal hautetsiek mandarinak eta intxaurrak banatuko dituzte plazan 12:15ean. Urtarrilaren 2an eta 4ean eskalada saioak izango dira goizetan Iturri Zahar guraso elkarteak antolatuta. Azkenik, egitarauari amaiera urtarrilaren 5eko errege kabalgatarekin emango zaio. 18:30ean iritsiko dira Orendaingo bidetik.