Berriak
Atzealdea Galdeketaren emaitzak azaltzeko eta behin betiko proposamenera hurbiltzeko balio izan zuen San Juan kaleko bizilagunekin egindako bilerak
2017·04·03
Urtarrilean egin zen San Juan kalearen eta Bideberrietaren egungo egoerari eta etorkizunari begirako galdeketa. Herritarrek emandako erantzunak aztertzen aritu dira Udaleko teknikariak eta ateratako ondorioen berri emateko bilera baterako deialdia luzatu zitzaien herritarrei. Bilera hori martxoaren 28an egin zen eta bertan bildu ziren 40 herritar inguruk ondorio horien berri izateaz gain, etorkizunean kalean hartuko diren lehen neurrien berri izan zuten. Neurri horiek guztiz zehazteko, Udalari benetan interesgarri suertatuko zaizkio atzoko bileran jasotako ekarpenak.
Galdeketaren emaitzen inguruan, astegunetan eta larunbatetan kalearen erabilera mistoa lehenetsi dute herritarrek. Behe solairuen erabileraren inguruan, Kalegoran bizi direnek komertzio eta tailer erabilera lehenetsi duten bitartean, Kalebeheran garajeei eman zaie lehentasuna. Beste hainbat alorretako gaiak ere landu zituen galdeketak. Erosketak non egiten diren galdetuta, gehienek Alegian egiten dituztela erantzun dute. Bideberrietaren inguruko hainbat galdera ere baziren. Galdeketaren emaitza zehatzak aletuta ikusi nahi dituenak, Udaleko webgunean ditu eskuragarri.
Behin emaitzak aztertuta, Udalak kalera ibilgailuen sarrera mugatuko duen eta txartel bidez funtzionatuko duen pibote sistemaren berri eman zuen. Orain arteko txartel sistemak arazoak eman ditu azkenaldian eta bolada batean piboteak jaitsita egon dira. Tarte horretan, “arauak ez direla errespetatu” adierazi zuen Unai Iraola alkateak eta horrenbestean, berriz ere sistema martxan jarriko da. Bileran elkartu ziren herritarrek sistema ezartzeaz gaindi, beronen funtzionamendurako hainbat alda gai izan zituzten eztabaidagai. Hala nola, kalea ibilgailuentzako zabalik egongo den ordutegia, ibilgailuek kalean izan behar duten norantza, kalera sartu ahal izateko baimena zein irizpideren arabera eman behar den… Ekarpen eta ikuspuntu horiek guztiak kontuan izango ditu Udalak eta erabiltzaileekin egin den bezala, merkatariekin ere lanketa bat egingo da denentzat onuragarriena izango den funtzionamendu sistema bat ezartzeko helburuarekin.